Bertsolaritza

bertsoBizkaiko eta Nafarroako txapelketak, atzeratuak

COVID-19aren pandemiaren eraginez, Bizkaiko eta Nafarroako Bertsolari Txapelketak ez dira zegozkien datetan egingo. Pandemiari aurre egiteko neurriak direla kausa parte-hartzaileen aukera berdintasuna bermatu ezingo dutela iritzita, datak atzeratzea erabaki dute txapelketa baten eta bestearen antolatzaileek. Izan ere, egoera ugari gerta daitezke pandemia garaiotan: bertsolariak konfinatu behar izatea eta, ondorioz, dagokien saioan ezin parte hartzea; saiotik saiora epaimahaia bermatzeko zailtasunak izatea... Finean, ez dago saioak behar bezala egiteko baldintza egokirik. Horiek horrela, 2021eko urtarrila eta martxoa artean jokatzekoa zen Nafarroako 45. Bertsolari Txapelketa atzeratu egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, eta data berria “pandemiaren bilakaeraren arabera” ebatziko du. Bizkaikoa ere, nahiz eta iragan irailean sailkapen fasea jokatu, datorren urtera atzeratu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Dena dela, txapelketarik gabe ere datozen hilabeteetan plaza sustatzen jarraituko dutela jakinarazi dute bi elkarteek, eta, horretarako, saioak antolatuko dituztela. Bestalde,irailetik martxan zen Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Xilaba Bertsolari Txapelketa ere bertan behera utzi dute azken unean. Azaroan zuten finala, baina Frantzian ezarritako azken murrizketak tarteko, bertan behera utzi behar izan dute antolatzaileek.