Ingurumena

zuhaitzaSaharako basamortuan milioika zuhaitz zenbatu dituzte

Saharakoa da munduko basamorturik handiena, baina horrek ez du esan nahi eremu guztiz mortua denik. Desertuek berezko fauna eta flora izaten dituzte, tartean zuhaitzak,  baina nazioarteko ikertzaile talde batek jasotakoak ikerketaren egileak eurak harritu ditu: milioika zuhaitz daude Saharan. Hori bai, ez basoetan pilatuta, bakanduta baizik. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, Mendebaldeko Saharan eta Sahelen 1.800 milioi arbola inguru daude, espero zutena baino askoz gehiago. “Hektareako zuhaitz bat, hori da batezbestekoa Sahara hiperlehorrean. Ez dirudi asko, baina uste baino gehiago da” azaldu du Kopenhageko Unibertsitateko (Danimarka) Martin Brandtek, ikerketaren egile nagusiak. Zuhaitz gehienak Sahelen daude, baina aztertutako Sahara eremuan ere ehunka milioi direla azaldu dute ikertzaileek. Orotara, 1,3 milioi metro koadroko eremua aztertu dute, Sahararen eta Sahelen azaleraren % 20, gutxi gorabehera. Ondorioz, eremu osoko zuhaitz kopurua askoz handiagoa izan daitekeela uste dute. Zenbaketa egiteko, satelite bidezko 11.000 irudi baino gehiago baliatu dituzte. Bereizmen handiko irudiak ziren, normalean helburu militarretarako edota industrialetarako erabiltzen direnak. Horiekin batera, adimen artifiziala erabili zuten arbolak topatzeko. Zuhaitzak bakarrik zenbatu nahi zituztenez, ez zuhaixkak, batzuk eta besteak bereizteko gaitasuna eman zioten adimen artifizialari. Izan ere, zuhaixkak ere aintzat hartu izan balituzte, basamortuko landare kopurua %20 handiagoa litzatekeela azaldu dute ikertzaileek. Arbolen garrantzia ere nabarmendu dute, bai lurra ongarritzeko bai animaliak eta pertsonak babesteko. Hala eta guztiz ere, ikertzaile talde honek erabilitako metodoak, garatu ezean, oraindik ez omen du balio mundu osoko arbolak zenbatzeko.