Animaliak

loroaHizketan trebeak, biraoka hobeak

Ahobizi bezain ahozikin suertatu zaizkie bost loro Lincolnshire konderriko (Erresuma Batua) Friskney zooan: berritsuak bai, baina batez ere ele gaiztoak botatzeko. Hots, ahozikin baino, mokozikinak. Bisitariei irainka eta biraoka aritzen zirenez, bost loroak jendaurretik kentzea erabaki dute zooaren arduradunek. Friskney zoologikoak 1.500 loro inguru ditu. Aurtengo udan, norbanakoek emandako bost loro hartu zituzten: Eric, Jade, Elsie, Tyson eta Billy. Bostak loro gris afrikarrak, eta jabe ezberdinenak. Halakoetan egin ohi duten moduan, berrogeialdian jarri zituzten hegaztiak. Orduan konturatu ziren hizketan iaioak zirela; batez ere, iraintzeko orduan: barra-barra botatzen zituzten laidoak. Halakoak jasotzen omen dituzte tarteka, eta ohituak ei daude zooan. Alabaina, oraingoan, bostak batera jaso dituzte, eta gainerako loroekin batera jendaurrean jarritakoan hasi zitzaien hitz zakarren festa: bisitariei denetik esaten zieten. Inor kexatu ez bazitzaien ere, loroak toki baztertuago batera eramatea erabaki zuten arduradunek, bisitariengandik urrun egon zitezen. Modu horretan, inguruko loroen jarrera ikastea nahi dute, hau da, hainbeste irainik ez esatea, eta zoora joan ohi diren haurrek biraorik ez entzutea. Halere, neurriak eraginik ez badu, bost loroak elkarrengandik bereiziko dituzte. Horrela, irainak hainbeste ez entzutea espero dute zookoek, edo, behintzat, irainek hainbesteko durundirik ez egitea.