Euskara

eihartzeaEihartzea elkarteak bertan behera utzi du bere jarduna

“Hogeita hemezortzi urteko existentziaren ondotik, pandemia garai ilun honetan, Eihartzea elkarteak, hainbat hilabetez erreanimazio ohean borrokatu ostean, bere azken hatsa bota du”. Hala iragarri du Hazparneko Eihartzea elkarteak bere jardunari utziko diola. Urte hauetan guztietan, Hazparneko kultur eskaintzari eta euskarari ekarpen handia egin die Eihartzeak, makina bat ekitaldi antolatuta: Zinegin euskal zinemaren jaialdia, Elizaberriko Musikaldia, Txoria Txori jaialdia, Francis Jammes antzerki festibala... Alta, azken urteotan elkarteko laguntzaileen kopurua beheititu egin zaienez, “biziki talde murritza” dira egun elkartean. Ondorioz, 2021ean Eihartzearen jarduna etetea erabaki dute. Iaz, ekitaldi kopurua gutxitu egin zuten, eta inauteriak, Zinegin eta Olentzeroren etorrera besterik ez zuten antolatu. Laguntzaile gehiago batuko zitzaizkien itxaropena bazuten, baina halakorik gertatu ez denez, jarduna bertan behera utziko dute. Hori bai, aurten ere Zinegin jaialdia egingo dute, azaroaren 26tik 29ra. Gainera, elkarteko ateak zabalik dituztela jakinarazi dute, eta, inor lekukoa hartzeko prest baldin badago, laguntzeko pronto direla Hazparnen kultur ekitaldiak antolatzen jarraitzeko. Ea, bada, elkartearen agurra “ikusi arte” bilakatzen den...