Bitxikeria

mielgibsonMel Gibsonek gustuko ote du eztia?

Gozoa dena ia erabat garraztu zitzaion Yohana Agurto txiletarrari pasa den udan, Mel Gibson aktorea tarteko. Zergatik eta ezti marka baten logoagatik. Langabezian zela, eztia saltzeko enpresa sortu zuen Agurtok. Hura izendatzeko, miel (eztia, gaztelaniaz) hitzarekin eta Mel Gibsonen izenarekin hitz jokoa egin zuen: Miel Gibson. Horrekin batera, Braveheart filmeko (Mel Gibson, 1995) irudi bat baliatu zuen markaren logorako: Gibsonek berak gorpuztu zuen William Wallace pertsonaiaren aurpegia. Alboan, Bihotz ausartentzat baino ez leloa gehitu zion. Bihotz ausartik erakarri ote zuen, auskalo, baina Gibsonen abokatuak bai: Agurtok haien jakinarazpena jaso zuen, esanez baimenik gabe baliatu zuela Gibsonen irudia eta, erretiratu ezean, salaketa jarriko ziotela. Azkenean, Agurtok amore eman eta logoa aldatu du, Gibsonen ordez bihotz formako hegalak dituen erle baten irudia ipinita. Nolanahi ere, Gibsonen abokatuek azaldu zuten beren asmoa ez zela markaren izena zentsuratzea, baizik eta aktorearen irudiaren erabilera ekiditea, enpresariak baimenik ez ziolako eskatu. Agurtok irudia aldatu du, baina ziurrenik ez zen atsekabetuko. Izan ere, aferak oihartzuna sortu du, eta, beraz, ezti marka ezagutarazteko aparteko kanpaina izan da; erabat musu-truk, gainera.