Euskalgintza

errigoraErrigorako kutxek are elkartasun handiagoa udazkenean

Abian da Errigora egitasmoaren 2020ko udazkeneko kanpaina: Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka. Ohikoa denez, Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko jakiz osatutako hiru kutxaren artean aukeratu ahal izango da: saski beltza (50 euro), ohikoa; berdea (60 euro), produktu ekologikoz osatua; eta zuria (70 euro), gutiziaz betea. Salneurriaren % 25, beti bezala, eskualdeko euskalgintzako proiektuetara bideratuko da, babesa eta bultzada emateko: Erriberako AEK-k, Sortzen elkarteak eta Tutera, Lodosa eta Vianako ikastolek jasoko dute laguntza hori. Ohiko ekarpen horrez gain, pandemiak euskalgintzari eragin dion kaltea samurtu nahian, elkartasun kanpaina osagarria izango du aurten. Hala, saskiak erosteaz batera, laguntza handiagoa emateko aukera izango da. Saski beltza eskatzen duenak, 5 euroko ekarpen gehigarria egin dezake, eta trukean Korrikaren katilua jaso. Diru hori AEKri helaraziko zaio, Korrika bertan behera utzi beharrak ekarritako kalte ekonomikoa arintzeko. Saski berdea erostean beste 5 euro gehituz gero, Seaskaren egutegia eskuratuko du erosleak, eta diru hori Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioari bideratuko zaio zuzenean, Herri Urrats egin ez izanak eragindako galerei aurre egiteko. Azkenik, saski zuriaren erosleek 5 euro gehiago ordaintzen badituzte, D ereduaren hazien lorontzia jasoko dute trukean, eta dirua Sortzeni emango zaio, aurten urteroko jaia ez egiteak egin dion kaltea leundu ahal izateko. Urriaren 24an hasi zen Errigoraren kanpaina, eta azaroaren 12ra arte izango da saskiak eskatzeko aukera. Adi, beraz, auzolana eta elkartasuna oinarri dituen kanpainari! Informazio gehiago nahi izanez gero, jo Errigoraren webgunera (www.errigora.eus).