Jardunaldia

feminismoaAzaroko astearteetan, hizkuntza eta generoa aztergai

Euskara eta feminismoa bidelagun izeneko jardunaldia antolatu dute, elkarlanean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordetzak, Emakundek eta Hizkuntza eta Generoa batzordeak. Helburua, hizkuntzaren eta generoaren arteko gurutzaketaz hausnartzea. Horretarako, azaroko lau astearteetan, beste horrenbeste mahai-inguru egingo dituzte. Denak goizeko 10:00etan izango dira, eta online jarraitu ahal izango zaie. Azaroaren 3an, Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel jardungo dira, Hizkuntza eta generoa. Hurbilpen teoriko bat izeneko saioan. 10ean, Ez gara euskaldun jaiotzen, egin egiten gara gaiari lotuko zaizkio Irene Arrarats eta Lutxo Egia. 17an, Tarana Karim, Palmira Dual eta Leocadia Bueriberi gai honen gainean mintzatuko dira:  Hizkuntza, generoa eta beste menderakuntza batzuk. Azkenik, 24an, Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko zubiak izango dituzte hizpide Mari Luz Estebanek, Saioa Iraolak eta Elurre Iriartek. Saioetan parte hartzeko, euskaraetafeminismoa.eus webgunean eman behar da izena, aukeratutako mahai-inguru bakoitzean horretarako prestatutako botoia sakatuta. Mahai-inguruak ordu eta erdikoak izango dira, baina ondoren gogoetatzen jarraitzeko aukera eskainiko dute.