Euskaraldia

euskaraldiaGehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko prest?

Parte-hartzaileon hizkuntza ohiturak astintzea eta euskararen erabilera handitzea. Horiek zituen helburu lehen Euskaraldiak, eta xede bera izango du bigarrenak ere, azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Euskara Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egitea, hain zuzen, aurtengo leloak erakusten duenez. Ahobizi edo belarriprest izateko izen ematea zabalik da, azaroaren 19ra arte. Antolatzaileek azaldu dutenez, egunetik egunera gero eta jende gehiago ari zaio batzen ekimenari.  Antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko ia 70.000 lagunek eman dute izena. Horrez, gain, Euskal Herrian, 25.000 arigune (euskaraz lasai aritzeko tokiak) baino gehiago sortu dituzte 6.737 entitatek hainbat lurraldetan dituzten 8.174 egoitzatan. Arigune horien % 52 barne mailakoak dira, eta % 48 kanpokoak. Bestalde, guztira, 421 udalerritan egingo da Euskaraldia, aurreko edizioan baino gehiagotan. COVID-19ak Euskaraldiaren antolaketa zaildu badu ere, baikor dira antolatzaileak, eta jendea izena ematera animatu dute, bai lehen edizioan parte hartu zutenak bai arrazoi batengatik edo besterengatik ezin izan zutenak. Hiru modutan eman daiteke izena: Euskaraldia.eus webgunean, herrietako batzordeen informazio guneetan edo Euskaraldiaren aplikazio telefonikoan. Zuek ere prest al zarete ahobizi edo belarriprest txapa soinean jarri eta mingaina euskaraz dantzatzeko?