Kultura

durangoDurangoko Azokaren taupadek etenik ez

Pandemiak dena hartutako urtean, Durangoko Azokak ez dio hutsik egingo aurtengo hitzorduari. TaupaDA! leloari jarraikiz, euskal kulturarako ezinbesteko azoka abenduaren 4tik 8ra egingo da. Nolanahi ere,  55. Durangoko Azoka ez da ohikoa izango: jendetzak ekiditeko, Landako gunean ez da salmahairik izango, eta atari digital baten bitartez egingo dira salerosketa guztiak. Azokaren antolatzaile Gerediaga elkarteak kudeatuko du webgunea, non argitaratzaile guztiek lekua izango duten. Erosleek saski bakarrean bilduko dituzte erosketak, eta, ondoren, etxean jasoko. Saldutako produktu bakoitzaren % 12 Gerediagak hartuko du, kudeaketa lanei aurre egiteko. Azokan antolatu ohi diren ekitaldiei dagokienez ere aldaketak izango dira. Hainbat zuzeneko emanaldi antolatuko dituzte Plateruena Kafe Antzokian eta Landako Gunean, baina ikusle kopuru mugatuarekin. Bertaratu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena; bestela, streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da. Beste hainbat arlo bezalaxe, euskal kultura gogor kolpatu du pandemiak, eta, ondorioz, berez garrantzitsua den Azoka are funtsezkoagoa bilakatu da: Siadeco ikerketa etxeak egindako azterlan baten arabera, urteko fakturazioaren % 22 dira Azokako salmentak bertan parte hartzen dutenentzat. Hortaz, saretik bada ere, taupadei eusteko egunak izanen dira.