Ainara Gorostitzu

gorostizu


Rimmel, Koldo Izagirre (Susa, 2006)
Alaba munduratzean, aita sortzen da. Berriro jaio da gizona. Rimmel-ek euskal literaturan ezohikoa den gai bat dakar: aitatasuna. Alabaren jaiotza, lehen urteak, koskortzea eta askatasuna ditu kontagai. Sentimenduak eta emozioak, hots, aitatasunaren esperientzia. Aitaren begietatik, bai, baina jostari, ñabar. Gaiak berezi egiten du liburua, baita formak ere. Maitasun aitortza bat da Rimmel.
Galtzerdi suizida, Mariasun Landa - Antton Olariaga (Elkarlanean, 2001)
Augustoren abentura kontatzen du liburuak. Garbitu ondoren Plinio nagusiak lehortzeko esekitzen duenean, bere burua botako du leihotik Augusto izeneko galtzerdiak. Jeniala iruditzen zait abiapuntua, eta bikaina, baita galtzerdi suizidak biziko dituen abenturen kontaketa ere. Iruditeria benetan xumearekin, narrazio erraz eta arinarekin, mundu magiko batera.
Euli-giro, Uxue Alberdi (Susa, 2013)
Ezinegona sortzen duen liburua da Alberdirena. Larritasuna, itolarria, deserosotasuna, higuina, tristura, estutasuna, asaldura sentiarazten ditu. Baina ederra da. Ezpain ertzarekin irribarre eginarazten du. Bai baitu umoretik, beltzetik batez ere. Emakume arrunten esperientzia arruntetatik abiatzen dira ipuinak, baina bukatu absurdoan edo surrealismoan bukatzen dira ia denak. Tripekin irakurtzen da.