Hizkera

hiztegiakEz izan zokor-mazo nagia eta erabili hiztegia iraintzeko!

Bizirik eta osasuntsu izateko, hizkuntzek egoera guztietarako balio behar dute. Horren jakitun, eta hori bultzatu nahian, Biarritzeko Mintzalasai elkartea euskarazko hizkera informala garatzeko lanean dabil, horretarako tresnak sortuz. Bide horretan, Hitz larriak, irainak eta kitzikak izeneko hiztegi txikia sortu du, irainak euskaraz esateko. Hiztegitxoak Ipar Euskal Herriko hitzak lehenesten ditu, eta, irainak ezagutarazteaz gain, norberak irainak sortzeko metodologia ere proposatzen du. Elkartekoek azaldu dutenez, “hiztegi zikina” egin nahi izan dute, kalean erabiltzeko esamoldeak jasotzen dituena, politikoki desegokiak. Hori bai, irain sexista, homofobo, arrazista, lodifobo eta espezistak baztertu dituzte, hizkerak ez dezan balio berdintasunaren eta errespetuaren kontrako hitzak eta jarrerak hedatzeko. Irainena ez da Mintzalasaik sorturiko mota honetako hiztegi bakarra. Lehenago, sexuari buruzko Hiztegi kokina eta festari buruzko Besta euskaraz hiztegia argitaratu zituen. Denak Mintzalasairen webgunean (https://mintzalasai.eus) eskura daitezke, BABn euskaraz bizi ataleko Baliabideak izeneko azpiatalean. Zeren zain zaudete, ministro tipulburuak?