Oso lotuta gaude Trumpen egunerokora

arinDuela bi urte pasatxotik, Uribe (Forua, 1985) EITBren berriemailea da AEBetan. New Yorken bizi da, senarrarekin eta lau urteko semearekin. AEBetan berriemaile izatea “ametsa” du: hiruzpalau urte zituenean, ispilu aurrean eta koilara eskuan ‘New Yorketik, Amaia Uribe’ esanez aritzen omen zen. AEBetara joan aurretik, ETBko albistegietan eta Radio Euskadiko Boulevard saioan jardun zuen, besteak beste. Bertsolaritzan aritua, Hitzetik Hortzera saioko aurkezlea ere izan zen.

Zer moduz dago inperioa?
Oraintxe bertan, aztoratuta: kanpainagatik, pandemiagatik...
New York, lorik egiten ez duen hiria. Patxadak ba al du tokirik zure egunerokoan?
Gutxi, egia esan. Nik uste hiriak berak bezala neuk ere lo gutxi egiten dudala, zeren ordutegi aldaketa ere kontuan hartu behar baita; hortaz, lo gutxi eta lan asko. Korrespontsalen bizimodua horrelakoa da, are gehiago herrialde honetan. Ni Trump zegoenean etorri nintzen, baina nire aurretik egon zirenek diote lana asko aldatu dela. Trumpek badaki egunero komunikabideetan egoten, badaki zer egin egunero hor egoteko. Bere edozein txio albiste bihurtzen denez, egunero izaten da breaking news delakoa, etengabe.
Zenbat albiste eman dituzu Trump aipatu gabe?
Gutxi. Semeak lau urte dauzka, eta batzuetan ETBko mikrofonoa hartu, eta ni imitatzen hasten da: Amaia Uribe, AEBak, Donald Trump. Atera kontuak zenbat bider errepikatzen dudan Trump berba. Egia da oso lotuta gaudela Trumpen egunerokora. Harekin zerikusirik ez dutenak ere saiatzen gara egiten, eta niri gustatzen zait beste erreportaje estilo batzuk lantzea, baina askotan egunerokora lotuta gaude.
New Yorken bizi zara. Ba al du zerikusirik AEBetako gainerakoarekin?
Ez. Beti esaten dut New York burbuila bat dela. Hemen, mundu osoko jendea bizi da, hiri oso demokrata da... Beti diot: New York ez da AEBak. AEBak ezagutzeko, hemendik kanpora irten behar da, eta barrualdeko beste estatuetan-eta zelako jendea dagoen eta zelan pentsatzen duen ikusi.
Mundua beti AEBei begira. Haiek begiratzen al diote munduari?
Behar baino gutxiago. Batez ere, munduaren erdigunea direla pentsatzen dutelako. Nire ustez, beste herrialde batzuetatik ere asko dute ikasteko, zentzu askotan, eta gehiago begiratu beharko liokete mundari.
Hauteskundeak laster. Iragarpenik egitera ausartuko zara?
Ez, besteak beste badakigulako zer jazo zen 2016an. Inkesten eta analisten arabera, Bidenek irabaziko du. Alderdi Demokrata 2016an baino batuago ikusten dut. Orduko hartan, Bernie Sandersen aldeko asko ez ziren bozkatzera joan, adibidez, Hillary Clinton ez zitzaielako gustatzen. Orain, Alderdi Demokrataren barruan leloa da Trumpen kontra bat eginda egon behar dutela. Halere, ikusteko dago. Gainera, uste dut gakoa izango dela nork irabazi duen ez dugula hauteskunde gauean jakingo, aurretiazko botoa historikoa izango delako eta horiek zenbatzeko denbora beharko delako. Bien arteko aldea gorabehera, badirudi tentsio handia egon daitekeela eta emaitzak egundoko gerra eragingo duela.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Gure semeak, Markelek.
Eta tristatu? Injustiziak, eta herrialde honetan asko daude.
Zerk eragiten dizu barrea? Semearen eguneroko ateraldiek.
Eta negarra? Erraz egiten dut negar, eta sarri.
Zerk haserrearazten zaitu? Justiziarik ezak amorrua eta tristezia eragiten dizkit.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Korrespontsala New Yorken.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Pertsona txarra.
Trumpi egingo zeniokeen lehen galdera: Zergatik zara horrelakoa?
Eman nahiko zenukeen albistea...  Munduan bakea dagoela, edo klima aldaketaren ondorioak konpontzea lortu dugula.

Eñaut Mitxelena