Heriotzaz eta doluaz

hil

Mundu honetako gizaki guztiok berdintzen gaituen esperientzia da heriotza. Gauza ziurra da den-denok hilko garela noizbait. Maite ditugun pertsonak ere eramaten dizkigu herioak, inor gutxi libratuko da sufrimendu horretatik. Azken batean, heriotza gure artean bizi da, baina garai batean modu naturalagoan igarotzen zen trantzea. Orain, gure jendartean, ez dugu ahotan hartu nahi, tabua da. Etxetik kanporatu dugu, ospitaletara, zaharren egoitzetara eta beilatokietara eramanda. Badirudi, dena den, neurri txiki batean bada ere, bazterketa hori apaltzen hasi dela. Esaterako, dolu gogorrean murgilduta dauden pertsonei laguntzeko terapiak daude, eta kafe baten inguruko tertuliak ere sortu dira han eta hemen. Orrialde hauetan elkarrizketatu ditugun hiru lagunek ondo ezagutzen dute gaia; hala, nork bere aldetik, doluaren definizio bera eman digute: prozesu naturala da, eta asko laguntzen omen du partekatzeak. M. Egimendi, Eñaut Mitxelena.

andonegi“Dolua gainditzeko laguntza eskatzea ez da ahulezia”

Gipuzkoako Bidegin elkartea 2010ean jarri zuen martxan Izaskun Andonegik (Donostia, 1967). Dolu aurreratuan (gaixo larri baten senidearena, kasu) zein dolu bizian (hurbileko norbait hil ostean) dauden pertsonen bizi kalitatea hobetzea du xede.

Horren beharra nabaritzen zuelako sortu zuen elkartea Andonegik. Erizaina izanik, zainketa aringarrietan zebilenean, jendea doluari buelta eman ezinik ikusten zuen, sintomatologia latzarekin, baita ospitaletik kanpo ere: “Elkarkidetzan sinesten dut, eta Bidegin ez nuen sortu testuinguru pribatuan jarduteko. Pertsonok erlazionalak gara, eta gauzak emozionalki lantzeak onura handia dakarkigu doluan ez isolatzeko. Elkarrekikotasun hori sentitzea oso terapeutikoa da”. Gainera, garai hartan, Andonegiri berari ere bi lagun hil zitzaizkion batera: “Traumatikoa izan zen, eta oinazeari aurre egiteko aurkitzen nuen irtenbide bakarra botikak ziren, hots, prozesu natural bat eritasun bihurtzea. Batzuetan, hala egin beharra dago, ez dut zalantzarik, baina ez dadila lehen baliabidea izan. Orduan hasi nintzen neure lan pertsonala egiten eta ni bezala zeudenei laguntzen; ondo ari nintzela ikusi nuen, lan horrek osasun emozionala zekarrela”. Hortaz, prestakuntza jaso, terapeuta izateko espezializatu, eta Bidegin sortu zuen. Hamar urte hauetan, oso erantzun ona jaso omen dute: “Zoragarria da ikustea urratuta, puskatuta, datorren jendeak nola egiten duen bat bizitzarekin. Horren lekuko izatea gauza handia da, eta nire hipotesia ziurtatzen du: badugu ahalmena horrelako egoeretatik irteteko, posible da”.
Senide baten gaixotasun prozesuan ere bai, baina, batez ere, galeraren ondoren hurbiltzen da jendea Bideginera: “Gurera heltzen diren kasu gehienak oso traumatikoak dira, asko bizitzeko gogorik gabe etortzen zaizkigu. Gizakiok gaitasun ikaragarria dugu saminari aurre egiteko, nahiz eta askotan geuk ere ez sinetsi. Zorionez, gehienok tresna pertsonalak eta sozialak ditugu horretarako, eta, nola edo hala, aurrera egiten dugu. Halere, laguntza profesionala eskatzen dugunean, sufrimendua oso handia delako izaten da. Laguntza eskatzea ez da ahulezia, pertsona batek, hori egitean, bere prozesuaren ardura hartu eta helburu argia jartzen duelako aurrean: hobeto sentitu. Hori oso garrantzitsua da, ondoren sortzen den onura ingurukoek ere sentitzen dutelako; hortaz, terapiaren eragina zabalagoa da. Horixe da gure lan nagusia, konpainia egitea”.
Eredu psikoterapeutiko bat dute dolu prozesuan jendearen ondoan egoteko, “baina prozesua pertsonak berak egiten du. Suspertzeko gaitasuna pertsonarengan jartzen dugu. Lehen pausoa da harreman terapeutikoa sendotzea eta giro segurua sortzea; segurtasuna sentitzen duenean, doluan sartuta dagoenak askatuko ditu barruko zurrunbilo horretan erantzun gabe dituen galderak. Prozesua gai batzuei erantzuteko ahalmena daukagunean hasten da amaitzen: barkamena eskatu, hildakoari maitasuna agertu, esker ona adierazi, agur esan... Eta galdu dugun pertsona maite hori bakean eta sufrimendurik gabe gogoratzea lortzen dugunean, hunkitu arren, orduan burutzen da prozesua”.
Hamar urte hauetan, jende asko igaro da elkartetik. Emakumeek gehiago jotzen dute Bideginera gizonezkoek baino; batez beste 30 eta 60 urte bitarteko lagunak dira; eta gehienek galera traumatikoak izan dituzte, baina senideren bat oso gaixo duten pertsonak ere gerturatzen dira: “Eritasun luzea jasatea oso traumatikoa izan daiteke; ikaragarrizko narriaduraren lekuko izatea gogorra da, eta gaixotasun luzeek dolu korapilatsuak eragin ohi dituzte”. Bakarrik edota familiarekin egiten dituzte terapia saioak, “eta lau talde ditugu: suizidioagatik norbait galdu dutenak; seme-alabak hil zaizkien gurasoak; bikotekidearen heriotzagatik datozenak; eta haurdunaldian edo bizitzaren lehen urtean galdutako umearengatik datozenak”.
Bestalde, Bideginera ere heldu da pandemia, COVID-19ak jota hildakoen senideen bitartez: “Uda ondoren hasi dira gerturatzen. Dolu korapilatsuak dira, hainbat faktore elkartzen direlako: gaixoaren bakardadea; senidearen frustrazioa eta ezintasuna; sinetsi ezina, maite duzun hori ez duzulako hiltzen ikusi... Gerora etorri dira haserrea, kulpa sentsazioa, beldurra, ekidin zitekeelako ustea, sufritu egin ote duen... Halere, neurri batean, ‘tremendismoan’ erori garela uste dut, dolu latza aipatzen baita behin eta berriz; dolua zaila da, bai, baina ez gaindiezina”.

arregiHeriotza hor dago, egunero-egunero, eta hori naturaltasunez islatu behar da”

Ongizatea lortze aldera, bizitzaren eta heriotzaren ingurukoak lantzen ditu Iñaki Arregi Irizar Izan-ek (Elgoibar, 1973), Urbizixa proiektuaren (urbizixa.com) eta Almaur elkartearen bitartez. Bere bizipenak bultzatuta ekin zion bide horri, heriotza oso presente izan baitu: bost senideko familian, bera bakarrik dago bizirik. Berari lagundu dion prozesua besteei laguntzeko baliatzen du egun.

“Bizitzan heriotzari lekua egiten diogunean, biziago egoten gara”. Askotan errepikatzen du esaldia Arregik. “Horrek ez du esan nahi heriotzari aurre egiteko prozesuan ez direnik sekulako minak aterako. Jakina! Horrexegatik diogu hainbesteko beldurra heriotzari: atzean mina dagoelako. Baina oinaze horri lekurik egin ezean, hura barruan duzula hilko zara”. Hala, bizitzaren eta heriotzaren pedagogian oinarrituta egiten du lanketa, bizitza eta heriotza “hurreratuta”.
Gertu tokatzen ez den bitartean heriotzari ez diogula erreparatzen uste du Arregik. “Oso urruneko gauzatzat jotzen dugu, baina behar dugu hurbiltasun hori, txikitatik”. Bizitzaren parte den heinean, “heriotza hor dago, egunero-egunero, eta hori naturaltasunez islatu behar da. Horrela egiten badugu, heriotzari aurre egiteko tresnak edukiko ditugu, eta datorrena bideratzeko erraztasun handiagoa”. Arregiren ustez, txikitatik hasi behar da gaia lantzen. Heriotzaren inpaktua beti da handia, baina talka desberdina izan daiteke heriotzarekiko jarreraren arabera. “Lanketak, heriotza barneratua izateak, sustrai bat ematen du, eta sustrai horrek lekua ematen dio minari. Ez badugu barneratuta, aldiz, inpaktu emozionala askoz handiagoa da, eta horrek gorputz fisiko, emozional eta mentalean ondorio sakona uzten du. Lantzeak ez du esan nahi minik ez dagoenik, baina onarpena ere badakar, egokitzapena. Onarpen horrek asko lagundu diezazuke”.
Lanketa pertsonalak presta gaitzake, baina bidea ez da soilik pertsonala. Hala, “sarearen” garrantzia nabarmentzekoa da, heriotzari aurre egitean inguruan izan dezakegun sarearena. “Denok bide berean gaudela erakusten digu sareak”, eta oso lagungarria da, Arregiren aburuz. Esaterako, dolu egoeretan. “Maite dugun norbait galtzen dugunean gertatzen da dolua. Prozesu naturala da, eta lekua egin behar diogu”. Halako egoerei aurre egiteko, sarea ezinbestekotzat du, aurrera egiteko bideak zabalduko dizkigulako. Esaterako, “garrantzitsua da laguntza eskatzen jakitea eta ez isolatzea”, eta dolua jasaten ari denaren ingurukoek “bihotza ipintzea, haren ondoan egotea; berotasuna, maitasuna eta indarra ematea”. Arregi bera dolu-lagun aritu ohi da, laguntza eskatzen dionari lagunduz. “Nire ikuspuntutik, laguntzea da hor egotea, bestearen larruan jartzea eta haren lekuan sentitzea, baina zure lekutik, bestearen minean galdu gabe. Zeren, bestearen mina neure egiten badut, ezingo diot lagundu”.
Arregik egina du ibilbide hori. Txikitatik, bizitzako garai ezberdinetan, senideen heriotzak bizi izan ditu, eta “ahal bezala aurre egin diet. Bizirik irauteko sekulako bidea izan da, eta nire bakea topatzeko bidea”. Aukera hori ere eskaintzen dio interesa duen orori, Elgoibarko Upai Goiti baserrian garatzen duten Urbizixa egitasmoari esker. Bertan, besteren artean, bizitzaren eta heriotzaren arteko harremana jorratzen dute: ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak eta abarrak eskaintzen dituzte.
Eskaintza horretan, Death Cafe izenekoak daude, eta azkenaldian zenbait herritan egin dituzte, Azpeitian, Durangon eta Aizarnan, kasu. Kafe edo infusio eta bizkotxo batzuen inguruan, heriotzari buruz hitz egiteko batzen dira horretan interesa duten guztiak. “Leku babestua da, non heriotza izaten dugun hizpide, dela galderak egiteko, dela negar edota barre egiteko...”. Era horretan, “elkarrekin mintzatuz, lotura sendoa sortzen da, gorputz komunitarioa eratzen da. Denon artean egiten dugunez, besteena ere barneratzen dugu, eta gureari gehitzen diogu; heriotzaren gaineko kontzientzia, sentimenduei lekua egiteko ahalmena, partekatzeko eta konfiantzaz hitz egiteko gaitasuna... gehitzen ditugu”. Bilkura hauek jakin-mina piztu dute, eta erantzun ona jaso dute.  Azpeitian, esaterako, lehen saioan 18 lagun geratu ziren sartu ezinik. “Zergatik? Pertsona asko dagoelako etxean heriotzari buruz pentsatzen eta bakardadean sufritzen, bere mamuekin”. Jende asko “beldurrez” gerturatzen dela dio. Atera, ordea, beste aldarte batekin atera ohi dira: “Niri on egiten dit, baita horrelakoetara joaten direnei ere”.
Death Cafeetan eta egiten dituen bestelako jardunetan, “jendea oso eskertuta ikusten ari naiz, eta behar handiarekin. Gainera, orain, COVIDaren kontuarekin, mamua atera egin da. Hortxe egon da beti, baina pandemiak aukera handiagoa ematen digu mamuari begiratzeko. Hortaz, paregabeko aukera dugu lanketa egiteko eta honi guztiari lekua egiteko”.

pena“Aurrean duzun pertsonaren larruan jartzeko gaitasuna ezinbestekoa da”

Iñaki Peña (Burgos, 1971) medikuak Arrasateko Ospitalean egiten du lan, barne medikuntzan, zainketa aringarrietan. 2013an, Aulki Hutsak dokumentala egin zuen, dolua gai hartuta, bere lanak eta aitaren heriotzak eraginda.

Peñak dioenez, dolua “prozesu naturala da. Tristura sentitzen dugu, sarritan haserrea ere bai, eta askatasuna ere senti daiteke, baita hildakoagatik ere, alzheimer kasuetan, adibidez”. Baina prozesu naturala izan arren, korapilatu egiten da batzuetan, nahiz eta maiz norbera konturatu ez: “Orduan, ingurukoek errazago ikusten dituzte alarma seinaleak: gauza xelebreak egiten hastea edota, batez ere, isolatzea. Zulo horretan dagoenari berdin zaio bere bizitza, eta axolagabe jokatzen du (alkohola edo bestelako drogak kontsumituz, zuhurtziarik gabe gidatuz...)”. Agian gehiegi orokortzea dela aitortuta, “gizonezkoei gehiago” gertatzen zaiela dio Peñak: “Emakumeek, normalean, bilatzen dute nori kontatu, edo beste heldulekuren bat”.
Askotan tokatzen zaio Peñari berri txarrak ematea: “Aurrean duzun pertsonaren larruan jartzeko gaitasuna ezinbestekoa da. Enpatiaz gain, ikasi ere egiten da, denborarekin, informazioa poliki-poliki ematen, komunikazio onarekin, entzunez... Gure gremioak badu gauzak edonola kontatzeko joera, baina ez da horrela egin behar, ez eritasunekin ez heriotzarekin ez doluarekin. Aurrean duzun pertsona nolakoa den ikusi beharra dago, psikologia behar da”. Haatik, medikuntza karreran oraindik ez dago ikasgai hori: “Gero, tailerrak-eta egoten dira, baina norberak bilatu behar ditu, eta guztiz borondatezkoa da”.
Pazienteak bere izaeraren arabera hartzen du heriotzaren albistea: “Gaixoarekin zuzenean hitz egiteko aukera baduzu, pertsona hori barnerakoia bada berez, komunikazio hurbila egon arren, puntu batetik aurrera ez da egongo ezer espliziturik. Ez da oso ohikoa sakontzea, baina noizbait gertatu izan zait pazienteak emazteari inoiz kontatu ez dion zerbait kontatzea, bikotekidearekin harreman ona izanda ere. Horrelakoak gertatzea oso hunkigarria da, gure lanbideko gauzarik politena. Horregatik egiten dut lan hau. Bertigoa sentitzen duzu, baina lurralde sakratu batean sartzen zara”.
Onartzen badaki ere, pazientea hiltzeak lorratza uzten ei dio medikuari: “Lau urtez, etxeko ospitalizazioan jardun nuen, eta abantaila hau dauka: baduzu denbora tarte bat, eriaren etxetik ospitalerako bidean, erizainarekin hitz egin eta lasaitzeko. Dena den, norbait hiltzen denean, batzuetan ukituta heltzen zara etxera, pertsona guztiek uzten digutelako zerbait; bizirik gaudelako eta sentitzen dugulako gertatzen zaigu. Neurri batean, guk ere dolua egiten dugu, familiarena baino azkarragoa eta errazagoa, hori bai”.
Bestalde, Arrasateko Ospitalean “ikaragarri” zaindu dute COVID-19a zuten gaixoak bakarrik ez hiltzea. “Nik oso garbi eduki dut nire pazienteekin ezin zela hori gertatu. Adibidez, seme-alabarik gabeko paziente gazte bat izan genuen, txakur handi baten jabea. Bada, txakurra ekarri genion agurra egiteko; ospitale txikietan malguagoak, gizatiarragoak, izan gaitezke. Bitartekoak jarri ditugu, eta harro esan dezakegu lortu dugula. Baina kontrakoa ere ari da gertatzen, eta dolua asko zailtzen du”.
Arrasateko Ospitalean, badute beste toki batzuetan ez dagoen ohitura bat: pazientea hiltzen denean, haren osasun txostena familiari bidaltzen diote. “Informazio garrantzitsua da, zer gertatu den jakiteko, aseguruetarako... Txostenari dolumin gutuna gehitzen diogu, eta hizkuntza ere kontuan izaten dugu. Ez da BBKren gutunen modukoa, non testu bera euskaraz eta gaztelaniaz agertzen den. Pazientea eta familia euskaldunak baziren, euskaraz, eta alderantziz. Horrek laguntzen du gutuna pertsona jakin horri buruzkoa dela adierazten, ez gauza orokorra. Ez da ezer kostatzen, eta jendeak eskertu egiten du. Oso gauza xumea da, paziente horren heriotza sentitzen duzula eta dolua egingo duzula esateko modua. Telefono zenbakia ere ematen diegu, dei dezaten, laguntza behar badute. Normalean, eskerrak emateko deitzen digute; tarteka, doluarekin ezinean dabiltzalako jotzen dute guregana, hilabete batzuk igaro direnean. Jendearekiko harremana berreskuratzeko modua ere bada, kasua ez baita amaitzen pertsona hiltzen denean: familia ere hor dago, eta batzuetan harreman handia eduki duzu harekin, hilabeteetakoa. Hala ere, % 80-90ean, gauzak ondo ateratzen dira, eta dolua era naturalean egiten da senide eta lagunekin batera”.