“Hizkuntza guztiak errazak dira, gustatzen bazaizkizu!”

zelanChristoforos Souganidis
(Tesalonika, Grezia, 1987)

Euskara ikasi, erabiltzeko. Hori nahi du Souganidisek, eta horrexegatik eta horretan dabil Donostiako Gros auzoko Irrintzi AEK euskaltegian. Hizkuntzalaritza doktoretza ikasle, 2018an etorri zen Donostiara, eta azkar asko hasi zen euskara ikasten.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
2018ko udan etorri nintzen hona, ikerketa zentro batean lan egitera. Etorri aurretik, ez nuen hemengo kultura ezagutzen; musika talde baten abestiak baino ez nituen entzuten: Berri Txarrak. Gaztelania ikasten ari nintzenean, abestien hitzak irakurtzen saia-tzen nintzen, baina oso hitz gutxi ulertzen nituen. Hizkuntza bitxia iruditu zitzaidan.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Hona iritsi bezain laster, auzoko jaiak hasi ziren, eta kartelez beteta zegoen hiria. Kartel guztiak euskaraz idatzita zeuden, eta zer gertatzen ari zen jakin nahi nuen. Orduan erabaki nuen euskara ikastaroan izena ematea.
Nolako prozesua izan duzu?
Hasieran, oso erraza. Lehenengo urtean, gero eta gehiago ikasten eta ulertzen nuen; hortaz, oso animatuta nengoen. Baina, iaz, lanean ordu asko egiten hasi nintzen, eta eguna oso luzea egiten zitzaidan. Lanetik segidan joaten nintzen euskaltegira, eta ezin izaten nuen argi pentsatu edo mintzatu. Hala ere, ikasgelako giro onari esker jarraitzea lortu nuen, eta aurten B2 ateratzen saiatuko naiz. Egia esan, euskara ez zait hain zaila iruditzen. Ezberdina bai, baina hizkuntza guztiak errazak dira, gustatzen bazaizkizu!
Zer izan da zailena zuretzat?
Denbora badut, hitz egin dezaket, baina azkar hitz egitea asko kostatzen zait. Euskara gaztelaniaren bidez ikasten dut, baina gaztelania ez da nire ama hizkuntza. Hortaz, ezin dut zuzenean euskarara igaro. Urrats handia da.
Eta errazena?
Ulertzea, musika eta irratia entzuteak asko lagundu zidan! Egunero entzuten nuen irratia euskaraz lanera bidean.
Erabiltzen duzu?
Bai, baina gehiago erabiltzea gustatuko litzaidake. Lanean, lankide euskaldunekin euskara erabiltzen saiatzen naiz, baita nire esperimentuetan parte hartzen duten pertsonekin ere. Niretzat, garrantzitsua ez da titulu ofizialak lortzea, erabiltzea baizik. Hizkuntzek funtzio soziala dute.
Une barregarriak ere emango zizkizun...
Asko! Nire zaletasunik gustukoena hitzekin jolastea da, batez ere antzekoak diren hitzekin.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Kar-kar. Gure amaren dialektoan ere, iparraldeko grekoan, horrela da!
Trikimailuren bat?
Ez izan akatsak egiteko beldurrik, eta entzun musika pila bat: eskuratu hitzak eta abestu!
Euskaraldian parte hartuko al duzu?
Segur aski bai, baina pixka bat arraroa izango da. Ea nola moldatzen garen maskararekin!