Kezkatzen al zaituzte Nafarroan azkenaldian izandako lurrikarek?

ikamika

Azkenaldian, lurrikara ugarik astindu dute Nafarroa. Askok Lizoain herria eta inguruak izan dituzte epizentro, baina herrialdeko beste leku ugaritan ere sumatu dira; tartean, Iruñerrian. Lurrikara multzoak izan dira, gehienak intentsitate eta magnitude txikikoak, baina izan dira 4ko magnitudea gainditu dutenak ere. Adituek gogorarazi dutenez, Pirinio inguruan maiz izaten dira halakoak, Nafarroa lurrikara eremua delako. Era berean, lurraldearen ezaugarri tektonikoak aintzat hartuta, hondamendia eragiteko moduko lurrikararik ezin dela gertatu nabarmendu dute. Nolanahi ere, azkenekoek kezka eta ezinegona piztu dute herritarren artean, eta arrakalak ere agertu dira zenbait etxetan. Kezkatu al zarete lurrikarekin? Halako egoeretan nola jokatu ba al dakizue? Etxean neurririk hartu al duzue? Iruñeko Iruñezar AEK euskaltegiko C1-2 taldea.

1. Mentxu
Ez, ez naute kezkatzen, badakidalako zonalde honetan ez dela arraroa. Azken lauko magnitudeko lurrikara gertatu zenean, ohean nengoen, eta, nahiz eta kezkatuta egon, ez nintzen altxatu.
2. Jabi
Ez nago kezkaturik, baina etxea astintzen hasten denean beldurra sentitu arren, ez dut ezer egiten, eta geldi-geldi geratzen naiz.
3. Anika
Gaueko hamabietan ohean sartuta, ohea dardarka hasi zenean... bai, kezkatu nintzen. Itoitzeko urtegia etorri zitzaidan burura. Ohe azpian sartzea pentsatu nuen, baina berehala lokartu nintzen. Ez dut inolako neurririk hartu. Okerrera egiten badu, ikusiko dugu.
4. Belen
Lauko magnitudekoa nahiko beldurgarria iruditu zitzaidan. Gehien kezkatzen nauena ziurtasun falta da. Ez dut uste gertatuko denik, baina bizi izan duguna baino gogorragoa gertatzen bada, badakigu zer egin: mahai azpian sartu eta itxaron.
5. Rosa
Ez naute gehiegi kezkatzen. Ama Lurraren boterea noizbehinka sentitzea ez dago gaizki, gizakiok lurraren “jaun eta jabe” garela pentsa ez dezagun. Funtsezko arauak entzunak ditut; gero mementoan aplikatzea beste kontu bat da.
6. Eneko
Nabaritu nuenean, bai, sustoa hartu nuen, baina lurrikara bukatu eta gero nahiko lasai geratu nintzen. Ohera joan nintzen; besteetan, ez nintzen konturatu. Nola jokatu? Batez ere, etxetik ez dugula atera behar kontuan hartzen dut. Ez dut inolako neurririk hartu.