Oroimenaren zizelkaria

hargina

Ahanzturari aurre egitea. Helburua ez da makala, baina poliki-poliki aurre egiten dio Pello Iraizoz irundarrak, zizelarekin. Gaztetan, euskal hilarrien munduan murgildu zen, gure kulturaren zati hori berreskuratu nahian, eta sortzen dituen artelanekin betiko argia eskaintzen die hildakoei, inoiz ez daitezen ahaztuak izan. Ildo beretik, Nafarroako historia liburuko pasarteak zizelkatzen ditu harriaren gainean, ahanzturan gal ez daitezen. Arkaitz Almortza. Argazkiak: Iban Aginaga.

Tik, tik, tik… Soinu fin eta errepikakorra, Arga ibaiak bustiriko Magdalena auzoko isiltasuna apurtzen duena. Hiriko estresak tokirik ez duen eremu honetan, non baratzeek adreiluzko munstroari aurre egin dioten, harrizko etxe txiki bat dago ibaiertzean, eta hango leiho batetik entzuten da erritmo bizi hori: tik, tik, tik… Kontzentraturik dago Pello Iraizoz zizelkaria, haren eskuak hitz egiten ari baitira. “Hildakoak bizitzan egin dituen lanak, lortutako garaipenak, bizi izandako sentipenak… islatzen ditut hilarri bakoitzean”. Zizela du bolaluma, harria orria.
Ez dira, beharbada, garai onenak euskal hilarri arterako. Iraizozek dionez, atzerriko korronteak ohitura aldaketak ekartzen ari dira heriotzaren mundura, eta, ondorioz, gure nortasunaren zati bat galtzen ari gara, poliki-poliki. “Gure arazoa da kanpokoa bertoko egiten dugula, eta bertokoa kanpoko” esan du irmo, zizel ertzetik salto egin duten harrixkak artelanetik eskuarekin kentzen dituen bitartean. Maitasunez garbitzen du bere obra. “Lan hauekin, maite dugun jendea agurtzen ari gara” dio, egindako lana goitik behera errepasatzen duela. Hilarrien bitartez, betiko argia eskaintzen die hildakoei, ahaztuak izan ez daitezen.
Indarra, intentzioa, kultura eta herria ditu itzal zizelkaturiko obra bakoitzak. “Sormen lan handia ikusten dut harri bakoitzean. Estetikoki eta sinbolikoki, indar handia dute hilarriek; istorio bat kontatzen digute”. Barruan gordetzen duten energia berezi horrek bultzatuta hasi zen hilarriak sortzen. “15-16 urte nituenean, euskal etnografiari buruzko liburu asko irakurri nituen, eta Esteribar eta Artzibar inguruan ibiltzen nintzen ibar horietakoak katalogatzen, neurtzen, marrazten… Nerabe batzuk biltzen ginen, eta herrietako apaizei eta bizilagunei esaten genien ongi babestu behar zituztela; ez ziguten kasurik egin, eta horietako asko desagertu egin ziren”.
Iraganean, hilarriek indar handia izan zuten Euskal Herrian, baina emeki-emeki sugar hori itzali egin zen, eta ahanzturaren sasiak hilarriak hartzen hasi ziren. Frankismoan, esaterako, debekatuta egon zirela jakinarazi digu Iraizozek. 50eko hamarkadan, Sarako (Lapurdi) seme Jean Baptiste  Iruretagoiena Patxola-k osaba baten lekukoa hartu, eta zizelkari lanak eginez hilarriak berreskuratzen hasi zen. Nafarroan, berriz, Garraldako (Aezkoa) Jose Rota Orradrek berreskuratu zuen tradizioa, 70eko hamarraldian. “17 urte nituenean ezagutu nuen Rota. Nekazaria zen, apala, eta beste inork egin ez zuena egin zuen; harengandik ikasi nuen”.
Afizioa ofizio bilakatuta, euskal hilarriak sortzen hasi zen. Eskuarekin, zizelarekin eta bihotzarekin: “Maitasun handia jartzen dut obra bakoitzean; ez dut inolako teknologiarik erabiltzen, guztiak eskuz egiten ditut, nire irudimenari jarraituz”. Pertsona bakoitza mundu bat da, eta egiten duen lan bakoitzean  horixe irudikatzen du: “Ez ditut inoiz bi hilarri berdin egin, bakoitzak bere izaera berezia du” azpimarratu du. Begiak argiztatzen zaizkio bere ogibideaz mintzatzean: “Honelako kultur fenomeno indartsua herri libre batean balego, gaur egun jende asko egonen litzateke ogibide hau berreskuratzen”.
Harrizko historia orriak
Hilarrien munduan murgildurik, aurki hasi zen erronka berriak gainditzen Iruñeko zizelkaria. Historia eta etnografia ditu pasio, eta nabari zaio sortzen dituen artelanetan. Larraga eta Aratxoa artetik lortzen zituen harri mutuak hitz egiten jartzen hasi zen, Nafarroako historia liburuaren atalen berri emateko,  ahanzturaren sastraketan eror ez zitezen. Gogoan du ildo horretatik sortu zuen lehenengo lana, Lakabe herriaren izena: “Okupazioaren 10. urteurrena bete zutenean oparitu nien, herrian jar zezaten” azaldu du irribarretsu. Despopulazioari aurre egiteko proiektuen artean,  Artzibar bailarako hori da ezagunena, eta Iraizozek bere harri koskorra ekarri nahi izan zuen. Gerora, etxe askoren izenak zizelkatu izan ditu. “Ohitura hau galtzeko bidean dago. Ez dugu ahaztu behar etxea oso garrantzitsua dela euskaldunontzat, hark ematen baitizu izena”.
Sortzen duen lan bakoitza berezia da Iraizozentzat. Guztiak maite ditu, baina batez ere  memoria historikoari loturikoek hunkitzen dute, hala nola Etxauriko, Erreniegako edo Artazuko oroitarriek: “Sentimendu handiarekin egindako lanak dira. 80 urtez ahaztuta egon diren herritarren omenezko lanak dira, erail zituzten bizilagunak omentzeko, alegia” dio hunkiturik. Artelan bakoitzaren bidez, gertatutakoa inoiz ez ahaztea du helburu. “Ederra da basakeria hura pairatu zutenen senitartekoek eskerrak ematea; haien beroa eta esker ona ahaztezinak dira”.
Garai bateko zein iragan hurbileko kontakizunen berri ematen dute Iraizozen harriek. Iruñeko Intsumisioaren plazan jarritako oroitarria da haren azken artelanetako bat. “Garaipen historikoa izan zen intsumisoena, eta oso polita niretzat haien omenezko oroitarria egitea. Izan ere, 30 urte geroago, gazteek ez dute ezagutzen soldaduskara joan behar ez izateko egin zen borroka. Beraz, ekintza historiko hori memoria kolektiboan txertatu ezean, poliki-poliki galdu egingo da”. Iraizozen harriak, zabalduriko liburu baten antzera, gertatutakoaren berri emanen die etorkizuneko belaunaldiei.
Oro har, artelanok herriaren erraietatik sortzen dira, eta Pello Iraizozen eskuen artetik igaro ondoren itzultzen dira herrira. “Zure herriarentzat egiten duzu lan” azpimarratu du. Horren adibide, Amaiurko gazteluaren alde borrokatu zirenen omenez sorturiko artelana. “Gertaera historikoa izan zen, dudarik gabe, baina erakundeek ez diote garrantzirik ematen; herri mugimenduei esker oroitzen dugu gure iragana, ezkutatzen diguten historia”.
Urteek aurrera egin ahala, artelan hauek herriaren ikur bihurtzen dira sarritan. “Garrantzitsuena da gure historia ez ahaztea, horregatik jartzen dut maitasuna lan bakoitzean; herriak bere ikur bihurtzen duenean... hori da artista batek lor dezakeen poztasunik handiena” dio irribarretsu, esku artean duen artelanari azken ukituak eman bitartean. Aurrera begira, bide beretik jarraituko du lanean, hala bizidunon nola historia orrietako bizipenak zizelkatuta, ez daitezen ahanzturan gal. Tik, tik, tik. 

Iraizozek bestelako lanak ere egiten ditu. Harria kanpoalderako landu ohi du nagusiki, baina etxe barrurako artelanak ere sortzen ditu.