Uzta usaina joan, zalantzak geratu

mahatsa

Uzta garaia amaitu da Arabako Errioxan. Ardoa egiteko prozesuaren lehen emaitzek iragartzen dute kalitate handiko ardoak heltzear daudela, urtea “ahazteko modukoa” izan den arren: koronabirusa, eguraldia, mildiu gaitza… Ardo aparta espero bai, baina saltzeko aukerei dagokienez ezjakintasuna da nagusi. Jon Rejado.

Uzta usaina ia guztiz desagertu da Arabako Errioxako bazterretatik: muztioaren eta hartziduraren usaina, mahatsa zelaietatik upategietara eramaten duten traktoreen kea… Lanez betetako aste batzuen ondoren, datozen urteetarako ardoa forma hartuz doa upategietan. Uzta usaina joan egin da, baina aurretik ere bazegoen zalantza batek hor jarraitzen du: zer gertatuko da etorkizunean ardo horrekin? Izan ere, koronabirusak eragindako egoerak ardoaren merkatuan nabarmen eragin duela hausnartu dute upategien ordezkariek.
“Ahazteko moduko urtea izan arren, ardogintzako lehen pausoen emaitzak oso-oso onak izaten ari dira” iruzkindu du Ines Baigorrik, Arabako Errioxako Upeltegien Elkartearen (ABRA) kudeatzaileak. Urte txar hau hiru puntutan laburbildu dute upategietako kideek: koronabirusa, eguraldia eta mahastien mildiu gaitza. Hala eta guztiz ere, mahatsa upategietara “oso sano” heldu dela zehaztu du Baigorrik, eta hori ardogintzan lagungarria izaten ari dela, besteak beste adorea berreskuratzeko, zailtasunak ugariak izan baitira.
Horrexegatik, hain zuzen, lortu da mahats kantitate txikiagoa. Esti Besak, Eskuernagako Candido Besa upategiko kideak, ekainean egin zuen txingorra ekarri du gogora. “Zortzi hektarea eta erdi mahasti ditugu, eta erdian eragin zuen”. Launa upategiko Unax Unzaluk azaldu du lorea fruitu bihurtzeko unean izandako euriak % 25 murriztu diela uzta azalera. “Kalitatea lehenesten dugunez, sailkapen naturaltzat jo daiteke; ez dago txarto guretzat, baldin eta kalitate onekoa bada, eta salmenta bideragarria izanez gero”.  
Koronabirusak uzta garaian eragina izan duela azaldu dute, baina ez bizitzako beste alorretan baino gehiago. “Bete behar izan ditugun baldintzak eskoletakoak edota beste lantoki batzuetakoak bezalakoak izan dira” dio Unzaluk. Besak berretsi egin du, baina bere kasuan ingurune gertuko langileekin moldatu dela azaldu du, betiere kontratupean, azken hamarkadetan egin duen moduan. “Gure upategian, agroekologiaren alde egin dugu apustu, eta hori ardo ekologikoa egitea baino gehiago da: jendearekin duzun harremana ere bada”.
Merkatuen joeraren zain
Ardoa egiteko prozesuan muturreko aldaketarik egon ez arren, eta kalitate handiko ardoak espero badira ere, etorkizunari begira ezjakintasuna da nagusi. Izan ere, ardo hori nola salduko duten aurreikustea zaila da. “Ardoa egiten jarraitzen dugu, baina aurreko uztakoa saldu gabe dugu oraindik” diosku  Baigorrik. “ABRAko upategiek ez dute merkataritza gune handietan saltzen; itxialdiekin hasiko bagina, baina, horiek lirateke saltoki nagusiak”.
Unzaluk ardoa merkaturatzeko hiru ildo nagusi zerrendatu ditu: saltoki handietan saltzea, taberna edota jatetxeetan zerbitzatzea, eta esportatzea. Bada, azkeneko hori mantsotu egin dela esan digu Unzaluk, azken hilabetean apur bat mugitzen hasi den arren. Ostalaritzan ere aldea nabaritu dute: “Kontsumo ohiturak aldatu egin dira, jendea ez doa tabernetara lehen bezainbeste”. Besa bat dator: “Jendeak etxean edan du, eta taberna eta elkarteetako kontsumoa murriztu egin dela nabaritu dugu”.
Kontsumo modu berriak ager daitezkeela iradoki du Baigorrik. Besak hauxe aipatu du: kontsumo taldeak. “Pertsona batzuek buruari eragin diote, eta bertoko produktuak kontsumitzeak zer garrantzi duen konturatu dira”. Horren ondorioz, kontsumo talde batzuei ardoa banatu die, eta horri esker beste sektore batzuetan izandako murrizketa apaldu dutela azaldu du. Gertuko sareak aipatu ditu Unzaluk. Udaberritik udazkenera, bisita gidatuak eskaintzen dituzte, bestelako ekintzen artean. Bada, upategia ezagutzera joan diren pertsona horiek ere bezero dituzte. “Haiekin harremana egin, eta zuzenean erosten digute ardoa”.
Egoera nahasi honetan, Arabako Errioxan zegoen proiektu batek beste tamaina bat hartu du: Arabako Mahastiak sor marka. Besak argi du gaur egun, “inoiz baino zentzu handiagoa” duela. “Upategi txikiak desagertzen ari dira, gure familien upategiak, gure egiteko erak, gure kultura, eta Arabako Mahastiak sor marka haiei eusteko proiektu bat da; Errioxaren aterkipean, ez dugu ezer egiten”. Baigorrik gaineratu du hainbat upategi txikik ideia hori bera dutela: sor marka berriak “babes” handiagoa eman diezaieke, eta kontsumitzaileei hobeto aurkeztuko zaie produktu mota hau. 
Launa upategiko kideak hausnartu du kasu bakoitzean aztertzeko gaia dela, Errioxa jatorri izena oso urardotuta dagoela, eta prezio aldeak handiak direla eskualdearen arabera. “Bakoitzak bere lekua bilatu behar du, eta bere produktua nola defendatu; badago egin beharreko lan sakona, emankorra izan daitekeena, baina norberak baloratu behar du non duen merkatua eta horrek zer eskatzen duen”.
Besak gaineratu du ez duela ezer Errioxa jatorri izenaren kontra, baina badaudela beste aukera batzuk eta nork bere erabakia hartzeko modua izan beharko lukeela, datozen hamarkadetan ere uzta usaina Arabako Errioxako bazter guztietara zabal dadin.