2020-2021 ikasturtean, KORRIKArik ez. 2022ko udaberrian herriz herri igaroko gara berriro

lekukoa

22. KORRIKA 2022. urtera atzeratu dugu. Erabaki latza, euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena ez dugulako orain izango, eta badakigulako euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu; gainera, KORRIKAk helburu ekonomiko zehatza dauka (AEKren euskaltegietako lana indartzea) eta atzeratzeak kalte egingo dio lan horri, zalantzarik ez. Erabaki gogorra, aurreko edizioaren amaieratik, Maialen Lujanbioren hitzak entzun bezain laster, edizio berria prestatzen ibili garelako: testuinguru berriari begirako egokitzapenak indarrean jartzen, hausnarketa luzeak, eta aitortu behar dugu 22. KORRIKA abian jartzeko asmoa genuela, uda aurretik genioen 2021eko martxoan errepidera aterako ginela, baina, azkenean, atzerapenaren behin betiko erabakia hartu dugu.
Azken hilabeteotan, gauzak ikaragarri aldatu dira. Pandemiak mundu osoa kolpatu du eta ez dirudi epe motz-ertainean erabat kontrolpean izango denik. Egoera uste genuena eta nahi genuena baino askoz okerragoa da orain. Hori dela eta, AEKn hobetsi dugu KORRIKA bezalako ekimena atzeratzea, besteak beste, pandemiaren barruko transmisioa ahalik eta gehien murrizteko. KORRIKAren atzerapenak hutsunea sortuko du, baina KORRIKA bera horren garrantzitsua izanik, beharrezkoagoa da KORRIKA denok desiratzen ditugun baldintza hobeetan egitea. Une honetan, ez dugu KORRIKAren ordezko eskas bat nahi. Denbora gehiago hartu nahi dugu, normalitate berria nondik nora joango den ikusteko, etorkizuna hobeki ezagutzeko, eta, ondo bidean, egoera hobetzen bada, denok desiratzen dugun KORRIKAra iritsiko gara, 2022. urteko udaberrian.
KORRIKArik ez izateak, baina, ez gaitu geldiaraziko. Hasteko, unea baliatu nahi dugu martxan den 2. Euskaraldian parte har dezagun; belarriprest edo ahobizi izan gaitezen animatu nahi dugu Korrikazale oro.
Gainera, hartu behar izan dugun erabakiaren ondorioz, kolpe ekonomiko handia pairatuko dugu. Hori dela eta, KORRIKAren sorreratik, edizio guztietan egiten dugun bezala, azpimarratu nahi dugu ezinbestekoa dela helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea, Euskal Herri osoak behar-beharrezkoa du eta. Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, urratsak egin badira ere norabide egokian. Alabaina, egoera ekonomiko zailagoan izango bagara ere, berretsi nahi ditugu AEKide guztion konpromisoa eta lana. Oso gogorra izan da atzeratzeko erabakia hartzea, zinez, baina ziur gaude goiari helduko diogula eta KORRIKAra inoiz baino indartsuago itzuliko garela. Bitartean, lanean arituko gara, euskaltegietara hurbiltzen ari zaizkigun milaka lagunek eskolak modurik eragingarrienean ikas ditzaten, eta egunero, goizetik gauera, jarraituko dugu mintzapraktika egitasmoak, normalizazio planak, itzulpen eta zuzenketa lanak, hilero argitaratzen dugun AIZU! aldizkaria eta abar egiten; lanez lepo ibiliko gara, euskarak toki handiagoa har dezan.
Azkenik, euskalgintzako gainerako eragileekin ere elkarlanean segituko dugu 2021 urtean oinarri sendoagoak jar ditzagun herri honen euskalduntze bidean: Hizkuntza Gutxituen Protokoloaren garapena, Geroa Euskaratik dinamika, Hizkuntza Gutxituen XVIII. Nazioarteko Biltzarra…
“Herriz herri igaroko gara”, kaleetan eta herrietan elkartuko gara berriro.
AEK

Asier Amondo, Korrika arduraduna: “2021ean ere euskara hauspotuko dugu”

Erabaki hausnartua eta zaila izan da AEKrentzat 22. Korrika atzeratzea. Egon da aukeren artean 2021eko udaberrian ordezko beste ekimenen bat egitea?
Erabakia oso zaila eta tristea izan da. Udaberriaren amaieran, egingo genuen itxaropena bagenuen, baina irail-urrian dena goibelduz joan da, eta azkenean atzeratzea erabaki dugu. Egia esan, edizio berriaren prestaketan aukera guztiak aztertu ditugu, bai, baina ez zela horretarako unea hobetsi dugu orain. Gure ustez, erabakirik onena atzeratzea da, eta errepidera 2022ko udaberrian ateratzeko lanean segitzea. Hala ere, horrek eskatzen digu egoeraren bilakaerari adi jarraitzea eta balizko irtenbideak ahalik eta hobekien prestatzea. Bitartean, zer? Bada, hasiak gara aztertzen ekimenen bat eskain diezaiokegun Euskal Herriari Korrikaren hutsunea neurri batean betetzeko, baina argi izanda ordezko hori ez dela Korrika izango.
AEKri kolpe ekonomiko handia ekarriko dio Korrika atzeratzeak. Pentsatu da zartako horren eragina ahal den neurrian gutxitzeko zerbait egitea?
Kolpea bada. Finean, Korrikatik ateratzen dugun etekina Iparraldeko, EAEko eta Nafarroako AEKren euskaltegiak egoera bertsuan eta baliabide bertsuekin funtzionatzeko da. Ez dugu ahaztu behar oraindik ere administrazio nagusiek euskaltegiei bideratutako baliabideak ez direla nahikoak, urratsak egin badira ere. Hori dela eta, bai, hasi gara aztertzen Korrika ez egiteak eragingo duen galera ekonomikoa apaltzeko aukerak; argitzen ditugunean, jakinaraziko ditugu. Bitartean, hor dago, eta eskertzekoa da, Errigorak ikastolei, Sortzeni eta AEKri sostengua emateko abian jarri duen ekimena. Egungo egoeran, ezinbestekoa da administrazioek aurrerapauso gehiago egitea euskaltegien finantzaketan. Bestela, 22. Korrikaren helburu ekonomikoa inoiz baino handiagoa izango da.
Euskalgintzak kezka agertu du pandemiak euskarari egin dion kalteagatik, eta orain, besteak beste, hau. Baina euskarak Korrika behar du, ezta?
Euskarak Korrika behar duela zalantzarik ez! Korrika delako euskararen alde egiten den ekimenik handiena eta parte-hartzaileena, eta ziur izan Korrika itzuliko dela. Baina ez gara une horren zain egongo; hurrengo ediziora indarberriturik heltzeko pandemiak uzten dizkigun aukerak baliatu eta, Korrikaren ezaugarri den auzolanaren bidez, 2021ean ere euskara hauspotuko dugu. Administrazioak, euskalgintza, norbanakoak... elkarlanean aritu behar dugu 2021. urtea ez dadin urte galdua izan euskararako. Geure buruari eta Korrikari zor diegu hori.