Ez da giro Kafe Antzokietan

plateruena

Bilboko Kafe Antzokia Zenbat Gara kultur elkarteak ireki zuen 1995ean, Bizkaiko hiriburuan euskara eta euskal kultura erdigunean ipintzeko asmoz. Emaitzarekin oso gustura zegoenez, 2002an Ondarroako Kafe Antzokia zabaldu zuen. Bide beretik, urte bi geroago, 2004ko urriaren 28an Durangoko Plateruena Kafe Antzokia iritsi zen; kasu honetan, herriko Berbaro euskara elkartearen eskutik. Pandemiak, baina, ez ditu gauzak erraz ipini, eta Euskal Herriko hainbat areto ez daude beren egoerarik onenean. Bilboko Kafe Antzokia, esaterako, itxita dago martxotik, behin-behinean. Durangoko Plateruena, aldiz, behin betiko itxi dute. Txomin L. Aramaio.

Euskara eta euskal kulturgintza lantzeko lekurik eza sumatzen zuten Durangon Berbarokoek mende hasieran: euskal kulturak arnasgune bat behar zuen.  Era berean, garai hartan, Durangoko Udala Landako gunea eraikitzen ari zen, eta proiektuan ostalaritza gune bat zeukaten aurreikusita. Ideia biak uztartu, eta eremu berriko ostalaritza proiektua herriko hiltegi zaharraren eraikinean egitea pentsatu zuten. Haren ardura Berbarokoek hartu zuten, eta Plateruena izena ipini zioten. Baina zelan egin hori? Nondik atera dirua?
Eraikina, izatez, Durangoko Udalarena da, eta 18 urterako lizitazioa lortu zuen Berbarokoek buruan zuten proiektuak. Antzokia egokitzeko, diru asko behar zen: milioi eta erdi euro. 120.000 euro Eusko Jaurlaritzak ipini zituen; Durangoko Udalak, ordea, ez zuen dirurik ipini. Ia laguntza publiko barik geratu ziren. Berbaro elkarteak taberna bat zeukan bere izenean, eta hura salduta lortu zuten behar zuten diruaren herena; herritarren ekarpenekin beste herena eskuratu zuten; eta gainerako 500.000 euroak, zorpetuta. Bada, neurri handi batean, azken heren horrek markatu du Kafe Antzokiaren historia urte hauetan guztietan.
Hasiera-hasieratik, harreman estua izan du herriarekin Plateruenak. Hori ezin da ukatu. Proiektua martxan ipintzeko, bazkideak erakartzeko kanpaina handia egin zen Durangon, eta ehunka herritar batu zen proiektura. 800 lagunek baino gehiagok ipini zuten dirua, eta, horrela, Kafe Antzokiko bazkide bihurtu ziren. Bertan behera zegoen eraikinari bizia eman zioten. Argi dagoenez, herrian bazegoen halako proiektu bat sortzeko gogo eta nahia. Dirua jarri zutenen gehiengoa Durangokoa edo inguruko herrietakoa zen, baina beste toki batzuetako jendeak ere proiektuarekin bat egin zuen. 2015ean, dirua biltzeko beste kanpaina bat egin zen, zorrak kitatzeko asmoz, eta beste 300 lagunen ekarpena lortu zuten. Hala ere, laguntza hori ez da nahikoa izan  konfinamendu ostean Plateruena berriz irekitzeko eta, gainera, egoera ekonomiko are okerragoa du. Horrenbestez, ateak betiko zarratu behar izan ditu.
Orain, zer?
Euskal kulturgintzarako gune barik geratuko da Durango? Ihintza Orbegozo bergararra Plateruenako Kulturgintza arduraduna izan da azken lau urteotan; barru-barrutik ezagutu ditu hango nondik norakoak. Durango ez dago urrun Bergaratik, eta, batez ere, kontzertuetara hurbiltzen zen Orbegozo aspalditik, “askotan”, aitortu duenez. Bertan lanean, duela lau urte hasi zen, 2016ko udazkenean. “Lau urtek berea eman dute. Batik bat, kulturzalea izanda, jende ezagun eta ezezagun asko ezagutu dugu” gogoratu du. “Pentsatzen duzu hemen ibilita jende ezagun asko ezagutuko duzula, baina hor atzean lan egiten duen jende ezezagun asko ere ezagutzen duzu. Merezi duen jende ugari” zehaztu du. Hasierako garaian, Plateruenara nazioarteko talde anitz joaten zirela du gogoan, eta kanpotik kontzertu aretotzat jotzen zela, besterik gabe. Gero, baina, barne-barnetik ezagutu ondoren, euskalgintzatik zenbat egiten den bertan ikusten omen da.
Euskaratik kultura eta kulturatik euskara egin izan da; bata bestea gabe ez dira ulertzen Plateruenan” azpimarratu nahi izan du. “Orain, Durangok hori galduko du?” egin du galdera Orbegozok.
Haren esanetan, azkenaldian gogorra izan da bertan lan egitea. Plateruena kooperatiba da, baina desegin egin behar izan dute. Horretarako, Bazkideen Batzarrean hartu behar zen zarratzeko erabakia, eta hori egin arte ezin zuten jakin zer gertatuko zen, ezin zuten publiko egin. “Batzarrean,  datu gordinak ikusita, kooperatiba desegin eta Plateruena ixtea erabaki zen. Ez zegoen beste aukerarik, gogorra izan da”. Tentsioa eta haserrea baino, atsekabea sentitu dute denek. Era berean, jendaurrean jakinarazi ostean, babes itzela jaso omen dute, eta horrek aurrera begiratzeko indarra eman die. 
Udalarekin ere hasieratik egon da harremana. Eraikina harena denez, egoeraren berri eman behar zitzaion. Orain, haren esku geratuko da, hark ikusiko du zer egin. “Udalean argi daukate eraikina kultur proiektu baterako izango dela etorkizunean, oraingoaren ildotik, baina ostalaritzak pisu gutxiago izanda” aurreratu digu. “Proiektuak erdigunean izango ditu euskara eta kultura, eta gu laguntzeko prest agertu gara, edo zerbait egiteko. Orain, esan bezala, erabakia Udalaren esku dago”. Orbegozok konfiantza dauka harengan, zer edo zer txukuna egingo duela sinetsita dago. Halere, oraindik goiz da ezer aurreikusteko. Udalak, datozen hilabeteotan, prozesu parte-hartzailea abiatuko du, eta hainbat eragilerekin aztertuko du zer egin daitekeen.
Bi hamarkadaz, Durango euskalduntzeko eta kultura indartzeko topalekua izan da Plateruena, eta etorkizunean ere hala izatea nahi da. Etorkizun hurbilean, antzeko proiektu bat jarriko da martxan. Hortaz, ate bat itxi eta beste bat ireki da.