“Ezin ukatu nafar gizartea gero eta gehiago dagoela euskararen alde, eta Osasuna Nafarroako gizartearen isla da”

sanjurjo

2020 oso urte berezia izaten ari da, baina are bereziagoa Iruñeko Osasuna futbol klubarentzat. Ditxosozko izurritearen gainetik, gorritxoak beren lehenengo mendeurrena ospatzen ari dira; horrez gain, beste mugarri batzuk ere ari dira Osasunaren urtea berotzen: Sadar berria egiteko obrak, euskara planaren sasoi ona, Euskaraldia... Asko daukate kontatzeko Iruñekoek, eta luxuzko ordezkari batekin hitz egiteko aukera izan dugu: norekin eta Oier Sanjurjorekin (Lizarra, 1986), gizonezkoen lehen mailako taldeko kapitainarekin. Hementxe dituzue erdilariak gurekin partekatutako gogoetak. Iban Lantxo. Argazkiak: Osasuna K.A.

Lehenik eta behin, zorionak aurreko partida irabazteagatik (2-0 Celtaren kontra, elkarrizketa urriaren 7an egin baikenuen). Kirol ikuspuntutik, nolakoa izaten ari da aurtengo ligaren hasiera?
Soilik puntuazioari erreparatzen badiogu, lortutako batezbestekoa ez dago gaizki, batez ere kontuan izanda Sadar berriko obren eraginez lehenengo bi jardunaldiak kanpoan jokatu behar izan genituela. Hala ere, futbolaren kalitateari dagokionez, ulertzen dut taldeak erakutsitako mailak zalantzaren bat edo beste piztu izana... baina, tira, nik uste dut normala dela, nolabait, ikasturte hasieran horrelakoak gertatzea. Taldeak oraindik neurria hartu behar dio txapelketari.
Are zailagoa da hainbesteko kanpo faktore daudenean, ezta? Imajinatzekoa da pandemiak ere konplikatuko zuela ligaren hasiera.
Bai, hori argi dago. Azken batean, gure taldeak asko eskertzen du zaleen babesa, eta egoeraren eraginez Sadar hutsik egotea eta haien bultzada ez sentitzea latza da. Baina, tira, horrela tokatu zaigu, eta egoerara nola moldatu asmatu beharko dugu.
Zein puntutaraino eragin dezake koronabirusak lehenengo mailako futbol ligan?
Hasteko, astean bitan edo hirutan, PCR testak egiten dizkigute; positiboren bat balego, konfinatu egin beharko ginateke. Gainera, gerta daiteke taldeko jokalari asko kutsatzea eta, ondorioz, Osasunak aurrera jarraitzeko aukera erabat zapuztea. Are gehiago, edozein taldetan kutsatze masiboa izanez gero, liga bera bertan behera geratuko litzateke; talde jakin batzuek zehapenak jaso litzakete, edo puntuak galdu... Beldur horrekin bizi behar dugu, eta niretzat horixe da egoeraren gauzarik txarrena.
Denboraldi berezia, zalantzarik gabe, eta arrazoi askorengatik. Izan ere, aurten, Osasuna klubaren mendeurrena da. Nola ari zarete bizitzen halako efemeridea?
Bada, bai, oso urte berezia izaten ari da; hasteko, pandemiaren eragina; gainera, Osasunaren 100. urtebetetzea... egundokoa da! Horren parte izateak asko pozten gaitu. Sadar berria eraikitzeko obrak ere baditugu, beste gauza interesgarri askoren artean. Pena da gauza polita izan beharko lukeena pandemiagatik lausotuta geratzea. Ospakizun asko egin behar genituen, eder eta erakargarriak... Mendeurrena zaleekin ospatu nahi genuen, haiena delako, baina ekitaldi asko ezin izango dira egin, tamalez.
Zer dakarkizu zuri, maila pertsonalean, mendeurrenaren urtean taldeko kapitaina izateak?
Erabat harro sentiarazten nau. Zorionekoa ni, lehenengo urratsak Lizarran egin zituen gaztea Osasunako kapitain bihurtuta, taldearen mendeurrenean, gainera... Zer esango dizut! Sekulako ilusioa egiten dit, eta gogotsu bizitzen ari naiz.
Bizitza osoa eman duzu Osasunan, Celtari lagata egon zinen garaia kenduta.  One Club Man-a zarela uste duzu?
Bada, bai, Vigon utzita jokatu nuenean Osasunako jokalaria nintzelako. Bizitza osoa eman dut hemen, Taxoaren, 17 urterekin gazteen Ohorezko Mailara heldu nintzenetik. Horrek esan nahi du une asko bizi izan ditudala, onak eta ez hain onak, eta horrek ere egiten nau, nolabait, kapitain.
Futbol modernoan, halako gero eta gutxiago daude. Aldarrikatzeko moduko jokalaria dela esango zenuke?
Egia esan, klub berean horrenbeste irautea ez da erraza. Hasteko, egungo eliteko futbolean jokalariok merkantzia modukoak garelako, hein handi batean. Sentimentalismoa hemen ez da existitzen, eta, maila ematen ez baduzu, ezin zaituzte aintzat hartu. Niri, zorionez, ez zait horrelakorik tokatu, akaso, nire prestakuntza eta kondizioengatik, niretzako klub egokienean nagoelako. Egia da egundoko maila ere ez dudala lortu, beharbada horregatik ez naute begiz jo aurrekontu handiagoa duten beste talde batzuek.
Urte hauetan guztietan, hainbat postutan jokatu izan duzu, oso jokalari balioaniztuna  izan zara. Zein postutan sentitzen zara erosoen?
Agian, postu batean eta bestean jokatzeko gaitasun horrek ere nire izaera taxutzen du, horrek egiten nau berezi. Egungo futbol modernoan, One Club Man-ak aurkitzea zaila da, are zailagoa aipatu gaitasuna duten jokalariak. Era berean, egia da Jagoba Arrasate etorri zenetik gero eta erosoago sentitzen naizela zelai erdian, eta, beharbada, nire tokia aurkitu dut behingoz.
Aurten, Euskaraldiaren bigarren edizioa egingo da, eta Osasunak parte hartuko du. Arigune handia osatuko al du klubak?
Bai, hori da ideia. Osasunaren izenean, ni neu joan nintzen gonbidatu Nafarroako Euskaraldiaren aurkezpenera, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan egindako ekitaldira. Oso arigune interesgarria izango da, taldea euskararen zabalkuntzarako prozesu nabarmengarrian murgilduta dagoelako. Bizitza erdia daramat hemen, eta euskara ez dut sekula orain bezain indartsu ikusi, haren erabilera barne.
Euskarari babesa emateaz gain, Osasunak ofizialki ere egin du haren alde, Ahize-AEKrekin batera prestatu eta martxan jarri duen euskara planarekin. Zergatik hartu zuen taldeak erabaki hori? Zer ekarpen egingo dio planak?
Osasunaren euskara plana ezinezkotzat jotzen genuen duela 10 urte; orain, ordea, beste garai batean gaude, zorionez. Are gehiago, klubaren estatutuek diote Osasunak bi hizkuntza dituela, euskara eta gaztelania, eta zentzu horretan bazkideek argi ikusi dute euskara plan bat gauzatu beharra dagoela, besteak beste zale eta bazkideentzako zerbitzuak hobetzeko eta informazioa euskaraz ere emateko (esaterako, jakinarazpen elebidunak, euskara eskolak, etab.). Ni neu oso pozik nago kluba euskararen alde egiten ari den urratsekin; guztiz beharrezkoa izateaz gain, ausardia puntu bat duela esango nuke. Azken batean, Osasunak Nafarroa osoa biltzen du, eta badakigu hemen sentipen eta ideia asko daudela. Hala ere, ezin ukatu nafar gizartea gero eta gehiago dagoela euskararen normalizazioaren alde, eta Osasuna Nafarroako gizartearen isla da.
Isla horretan, ezaguna da euskararen eta euskal hiztunen eskubideen aldeko zure jarrera. Esate baterako, umeak D ereduan matrikulatzeko kanpaina batean parte hartu zenuen...
Euskara ezinbestekoa da nire bizitzan. Lehenik eta behin, etxean horixe bera bizi izan dudalako: Lizarrako ikastolako ikaslea izan naiz, gurasoak hango langileak (aita irakaslea eta ama, Segoviakoa, idazkaria), eta badakit zer den nagusiki erdalduna den herri batean normalizazioaren alde lan egitea. Orain, Lizarrako ikastolak 50 urte bete dituenean, poz itzela ematen dit hizkuntzak nire herrian zer-nolako garapena izan duen ikusteak. Nik lekuko hori hartu dut, besterik ez. Alde batetik, aipatu berri dudanagatik; beste alde batetik, jakitun naizelako Osasunako gizonezkoen lehenengo mailako kapitaina izanda jende askoren erreferentea naizela, haur eta gazte askorena, bereziki. Nire ustez, garrantzitsua da horrelako testuinguruetan euskara bizirik dagoela erakustea, horrek ere euskararen normalizazioari bultzada handia ematen diolako.
Osasunak emakumezko futbolari profesionalak ere baditu, eta beren lan baldintzetan aurrerapauso garrantzitsuak egin dituzte aurten. Haien taldekidea izanik, nola baloratzen duzu lortutakoa?
Emakume futbolarien lan hitzarmen kolektiboan eginiko urratsa guztiz beharrezkoa iruditzen zait, eta horrekin ireki berri den bideak izugarri pozten nau. Emakumeen futbola normalizatzeko, aurrerapen garrantzitsu eta ezinbestekoa izan da, eta, gainera, gizarteak hala izatea nahi zuela esango nuke. Osasuna ere bultzada ematen ari zaio, nahiz eta jakin jendeak gizonezkoen futbola kontsumitzen duela gehien, eta badakigu hemen diruak agintzen duela. Halere, zorionez, gizartea gauzak aldatzen ari da, poliki bada ere.

Kolkotik  
Zein da zure kirol ibilbideko oroitzapenik politena?
Lehenengo mailara bueltatu ginenekoa.
Zer moduz moldatzen zara Jagoba Arrasaterekin?
Oso ongi, baina egia da oso erraza dela harekin ongi moldatzea.
Futbolarien artean, baduzu erreferenterik?
Liverpooleko Steven Gerrard.
Futbolaz gain, zein dira zure zaletasunak?
Meteorologia eta soziologia asko interesatzen zaizkit.
Zerk ematen dizu beldurra?
Beldurra baino, gauza batzuek larderia eragiten didate.
Eta poztasuna?
Nire ezagunak bizipozez ikusteak.
Zerk ematen dizu lotsa?
Bada, agian ez dut ematen, baina beti izan naiz oso lotsatia.
Bizitzako plazer txiki bat?
Garagardo hotza.
Abestiren bat?
Berri Txarrak-en Betiko leloaren betiko leloa.
Idazleren bat?
J. J. Benítez.
Pelikula edo telesailen bat?
Peaky Blinders.
Zer albiste irakurri nahiko zenuke biharko egunkarian?
Gizakiak gaiztakeriak egiteko ahalmena galdu duela.
Labur esanda, nolakoa da Oier Sanjurjo?
Langilea, lagunen laguna eta nahiko burugogorra.