Zinegotzia

zinegotziaFermin Etxegoien
Erein, 2013

Uste dut Alfred Hitchcock zinema-zuzendariak esaten zuela film baten lehenengo eszena dela garrantzitsuena, horrek harrapatuko duelako ikuslea bukaeraraino; hori gertatu ezean, suspensearen maisuak porrot hutsa irizten zion azken emaitzari.
Badirudi Etxegoienek oso kontuan hartu duela hori eleberri honetan, aurren-aurreneko esaldiak benetako jakin-mina pizten baitu irakurlearengan, herrialde honetako politika kontuetan gutxieneko interesa edukiz gero, noski. “Eskumako zinegotzia berandu esnatu zen Euskal Herriaren independentzia bere eskutik etorri zen egunean”, horixe hasiera-lehergailua; eskumako zinegotzia eta independentziaren lorpena esaldi berean jarrita, nahikoa irakurketan aurrera jarraitzeko.
Promesturiko independentzia gauzatuko den unera arte, beharbada espero litekeen akzioa baino, gai ugariren inguruko hausnarketa da nagusi (lehen eta oraingo politika eta politikariak, familia, herria, begetarianismoa, gurasotasuna...), bereziki eskumako zinegotziaren ikuspuntutik. Horregatik, gogoeta sakon zein arinagoak etengabe harilkatzen direnez, batzuetan zail gerta dakioke euskara ikasleari ñabardurez jabetzea, edo ideiak beren osotasunean konprenitzea. Izan ere, ez gutxitan, euskaraz irakurtzen ohituta dagoena ere nahiko erraz gal liteke sakontasunaren bidean, baita helmuga zein den ahaztu ere.


Usoa Alberdi