‘Ez dok ero’, euskal antzerkiari buruzko road movie eroa

ikusgarri

Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek osatutako EzDokHiru bikoteak ikuskizun berria aurkeztuko du, azaroaren 10ean, Bilboko Arriaga Antzokian: Ez dok ero, euskal kultura, antzerki eta gizartearen “irudi deformatu, barregarri eta haluzinatua” eskaintzen duen road movie tankerako lana. Fikziozkoa, baina erroak errealitatean dituena. Bikote artistiko desegin berri bateko kideak ditu protagonista. Mikelotek, zeinak On Kixote idealistaren irudia dakarren gogora, ez du bukaera onartu nahi. Santxo Panza pragmatiko eta baldarraren antza duen Pantxok, aldiz, gustura hartu du erretiroa. Halako batean, Mikelote Pantxoren bila joango da, Euskal Herrian barrena Euskal antzerkiak behar gaitu usteari jarraituz herriz herri antzerkia egiten aritzeko asmoz. Tartean Teatroa-ren parte den EzDokHiru bikotearen lan berria Telleriak idatzi du, eta bera dabil oholtzan aktore, Martinezekin batera, Jokin Oregiren zuzendaritzapean. Azaroaren 10eko estreinaldiaren ostean, 11n ere eskainiko dute Arriagan bertan. Ondoren, hitzordu mordoa dute lotuta.


sisifoSISIFOREN PAPERAK izenburupean, Egunkaria auziari buruzko antzezlana ekoiztu dute Antzerkiz-ek (Bilboko Arriaga, Gasteizko Principal eta Donostiako Victoria Eugenia antzokiek osatutako taldea) eta Espainiako CDNk (drama zentro nazionala da). ETAren agindupean jarduten zuela argudiatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz 2003ko otsailaren 20an itxi zuten Euskaldunon Egunkaria, euskaraz kaleratzen zen egunkari bakarra, eta hainbat langile eta arduradun atxilotu zituzten. Ondoren, akusazioek ez zutela inolako funtsik egiaztatu zen, baina kaltea egina zegoen. Harkaitz Canok idatzia, Egunkaria auzi hartan libreki inspiratutako antzezlana da, eta kazetaritzari zein bidegabeki itxitako komunikabideei omenaldia. Fernando Bernuesek zuzendua, aktore andana paratuko du oholtzan: Anjel Alkain, Joseba Apaolaza, Iñigo Azpitarte, Kepa Errasti, Mireia Gabilondo, Aizpea Goenaga, Olaia Gil, Asier Hernandez, Asier Hormaza, Iñaki Rikarte, Alexandru Stanciu eta Dorleta Urretabizkaia. Euskarazko bertsioa azaroaren 19an eskainiko dute estreinakoz Gasteizko Principal antzokian. 27an eta 28an, aldiz, Bilboko Arriagan.

 

LABURREAN

COVID-19aren pandemiak baldintzatuta bada ere, egin egingo dira Azpeitiko 38. Euskal Antzerki Topaketak. Horrenbestez, urriaren 29tik azaroaren 20ra bitartean, euskarazko 11 lan ikusi ahal izango dira; tartean, herriko Soreasu antzokian sorturiko bi lan: Bonbon Beltz konpainiaren Lanaz eta xaharretaz eta Horman Poster konpainiaren Antigone edo ezetzaren beharra.

hilkanpaiakAZAROAN, euskarazko fikziozko bi film luze ikusteko aukera izango da zinema aretoetan. Batetik, hilaren 6an, Erlauntza estreinatuko da, Kepa Errastiren izen bereko antzezlan arrakastatsuan oinarrituta Mireia Gabilondok zuzendutako komedia. Bestetik, 20an iritsiko da zinema aretoetara Imanol Rayoren Hil kanpaiak, Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberria (Elkar, 2016) oinarri duen lana, Donostiako Zinemaldian oso ondo hartua. Zinematik at ere, azaroan bertan, euskarazko ekoizpen bat ikusi ahal izango da ETB1en: Hondar ahoak intrigazko telesaila, Koldo Almandozek ondua.

AZAROAREN 21etik 28ra egingo da Lekeitioko 43. Euskal Zine Bilera, euskara hutsezko lanak eskaintzen dituen jaialdi beteranoa. Aurten, pandemiaren ondorioz, edozein pantailatatik ikusi ahal izango dira aurkezturiko lanak, osasun neurriak bermatzeko online izango baita. Beraz, adi zinebilera.eus webguneari!