Rifkin’s Festival

woody

Zuzendaria: Woody Allen. Gidoia: Woody Allen. Fotografia: Vittorio Storaro. Aktoreak: Wallace Shawn, Gina Gershon, Elena Anaya, Louis Garrel. AEB, Espainia, Italia, 2020.

Istorioa: Mort eta Sue senar-emazte estatubatuarrak Donostiako Zinemaldira etorriko dira, Suek bertan lan egin behar duelako. Egonaldian, Suek maitasun afera izango du zinema zuzendari batekin, eta Mort mediku batekin maiteminduko da.
Donostia: Gurean eztabaida ugari piztu zituen filmak, eta ez, preseski, zinematografikoak. Hirian filmatzeko Alleni ipini zioten alfonbra gorria zela, Allenen bizitzako pasarte ilunak zirela, postaleko hiria izateak zenbaiten artean sortzen dituen zilborkeriak direla, polemika askoren iturri bilakatu zen pelikula, Donostiako Zinemaldia inauguratu zuenean baino, grabazio sasoian.
Onena: Beste aktore batek gorpuztu arren, Allen bera gogorarazten digun protagonista postaleko Donostian pasieran, bizitzaz, herio-tzaz, maitasunaz, arteaz eta zinema zuzendariak hain bereak dituen gaiei buruz hizketan eta gogoetan, erreferentzia ugariz zinemari eta miresten dituen zuzendariei omenaldia eginez, hiria (sobera, gehiegitan) goraipatzen duen bitartean. Horixe eskaintzen du komedia erromantiko honek, Allenen ezaugarriei eutsita, atzean Kontxako badia duela.
Txarrena: Aurreko lanekin alderatuta, maila eskasagoa du. Dibertimendu arina da, ezer berririk eskaintzen ez duena.
Eñaut Mitxelena