‘Bat edo Hiru’, Amoranteren disko berria

amorante

Musikari elgoibartarrak zazpi kantuz osatu du bere lan berria. Disko malenkoniatsu eta iluna dela esan daiteke, hitzei zein aukeratutako musika tresnei eta estetikari dagokienez; izan ere, tresna horiek ukitu solemnea erantsi diete hitzetatik abiatutako kantei. Hala, tronpeta inoiz baino gehiago dago; pianoak eta soinu elektronikoek giro jakin bat sortzen dute; eta Mariano Hurtadoren kontrabaxuaren doinuek edota Joseba Irazokik kanta batean sartu duen gitarrak giro horri ñabardurak eransteko helburua izan dute, baita ahotsari ezarritako efektuek ere. Bat edo Hiru diskoa pandemia aurretik sortzen hasi zen Amorante, eta, hasiera batean bestelako asmoa bazuen ere, zazpi kantuak, modu batean edo bestean, heriotzaren kontzeptuari josita ekarri ditu diskora. Azaroaren 6an Azpeitian, 8an Aretxabaletan eta abenduaren 5ean Ahotsenean (Durangoko Azokan) ikusi eta entzun ahal izango da Amorante zuzenean.


mapaMAPA GALDUAK jaialdia urtebetez atzeratu dute. Hil honen bukaeran zen ospatzekoa, Saran, baina egoera ikusita, 2021eko azaroaren 19tik 21era bitartean egingo da. UsoPop jaialdia antolatzen zuen lagun musikazale talde berak sortu du Mapa Galduak, eta aurtengoak lehenengo edizioa izan behar zuen. Egitasmo berriaren barruan, kontzertuez gain, bi proposamen berezi aurreikusten dira. Batetik, Mugarri 25 izenekoa: astebeteko egonaldia eskainiko zaie 10 artistari, bertan sortuko duten ikusgarria jaialdian eskaintzeko. Bestetik, sarrera erosten duten lehen 150 lagunek Zeharkako Bideak izeneko ibilbideaz gozatuko dute, 50eko hiru taldetan banatuta: lauzpabost geldiune eginda, hainbat artistaren lana  (musika klasikoa, elektronikoa, folka...) zuzenean ikusi eta entzun ahal izango dute.

amorruAMORRU BIZIA
Izate Faltsua
Gor, 2020

Arabarren hirugarren diskoak pixka bat gehiago lantzen du boskotearen metal berezia. Estilo horretako hainbat genero nahasiz osatu dute lana, konposizio prozesu luzearen ondoren. Sustraiak Records estudioetan grabatu dute, Egoitz Palacios teknikariarekin. Nahastu eta masterizatu, berriz, Iker Bengoak egin zuen, Gasteizko Silverstar Studiosen. Zortzi abesti ditu, horien artean 2.0 bertsioko Adi: lehen diskoko kantua izan arren, oraingo taldearekin eguneratu dute. Iñi Bengoak (Childrain) eta Sergio Ruizek (Eraso!) bi abestitan kolaboratu dute.

hilotzASKE
Hilotz
Maldito Records, 2020

Zer da askatasuna? Nork ematen digu, nork kentzen? Galdera horiekin josi du thrash metal iluna egiten duen talde honek hamaika abestiz osaturiko diskoa. Hamaika begirada, zalantza eta desio, kateak hautsi nahi dituzten norbanakoen begietatik kontatuta. Hirukote gipuzkoarrak enpatia ariketa egin du, aske izan nahi dutenen larruazalean jartzeko ahalegina. Ekaitz Garmendia (Legen Beltza, Extinction, Sijjin) gitarrista eta ekoizleak osatu ditu diskoaren grabaketa, nahasketa eta masterizazio lanak, Black Storm estudioetan (Karrantza).