Erika Elizari

elizariBereziki maite ditut ipuin bildumak. Kutunenen artean, Arantxa Iturbek idatzitako Honetara ezkero aipatuko nuke. 130 orrialdetan, 29 ipuin. Kontakizun laburrak dira, baina biribilak. Azkarrak, gatzdunak eta umoretsuak. Esan gabekoek sarritan izaten duten indarra dute ardatz liburuko ipuin gehienek. Miresgarria da hain lerro gutxitan hainbeste adierazteko gaitasuna.
Katixa Agirrek Igartza sariaren bultzadaz idatzi zuen Habitat ipuin liburua. Kasu honetan, kontakizunak pausatuagoak eta luzeagoak dira. Sei istorio biltzen ditu, eta bakoitzean habitat desberdina aurkezten zaigu. Ez dira lau paretaz osatutako espazio hutsak. Kokalekuek pisua dute, baina, batik bat, giza harremanen erpinei begiratzen diete narrazioek.
Azken proposamena ere sari bati esker argitaratu zen. Miren Gorrotxategik, Agustin Zubikarai saria eskuratuta, 33 ezkil nobela beltza osatu zuen. Burezur baten agerpenak sortzen duen misterioa eta senide arteko harremanen saltsa dira nagusi eleberri honetan. Bereziki gustatu zitzaidan egileak erabilitako egitura eta estiloa.