Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia

kritikaMark Haddon
Itzultzailea: Xabier Olarra
Igela, 2008

B2

Xabier Olarrak Mark Hadoonen (Northampton, Erresuma Batua, 1962) eleberri famatua euskaratu du. Baina zergatik ote da ospetsua?
Gauza jakina da ez dagoela mundua ikusteko zein sentitzeko era bakarra eta, berez, hori dela naturalena. Egiatan, ordea, batzuetan ahaztu ere egiten zaigu; ondorioz, hurkoarekin enpatiaz jokatzea zaila egiten zaigu. Protagonistaren begiradak zein bizipenek betaurrekoak jantziko dizkiote nozitzen dugun itsukeriari. Okulista dugu Christopher, pertsonaia nagusia, 15 urteko gaztea. Gau batean, auzokidearen txakurra erailda topatuko du bere lorategian, eta hilketa argitu nahi ez ezik, liburu bat idatzi ere idatziko du, istorioa kontatzeko. Dena dela, idazteko prozesuan, misterio gehiago ebatziko ditu, eta gu abenturaren partaide sentituko gara.
Narrazioarekin nahasita agertuko zaizkigu Christopherren azalpenak, haren mundua ulertzen lagunduko digutenak, zalantzarik gabe. Hasieran ulergaitza zaiguna ulergarri egitea lortuko du idazleak, argi eta garbi baitago istorio bat kontatzea baino begiak irekitzea izan duela helburu. Lortu du, aurretik umeentzako liburuak idatzi izanagatik ere, eleberri honek eman baitio Erresuma Batuaz gaindiko ospea. Horrenbestez, hainbat hizkuntzatara itzuli da, eta, zorionez, gurera ere bai.
Arrate Beristain Uriarte