Burbuila digitala

Interneten hastapenetan, 90eko hamarkada hartan, informazio biltegi amaigabea irudikatzen zen, sarbide libre eta errazekoa, munduko jakintza osoa guztion eskura jarri behar zuena.
Informazio joan-etorri hura negozio bihurtu nahian, berehala sortu ziren lehen ‘puntucom’ enpresak. Batez ere, informazioa eta era guztietako zerbitzuak eskaintzen zituzten: posta elektronikoa, txateatzeko txokoak... Negozio eredu egokirik ez zuten topatu, hala ere, eta gehien-gehienak agertu bezala desagertu ziren.
Enpresaburuek ondo ikasi zuten lezioa: Internetetik etekin ekonomikoa ateratzeko, negozioa edukian ez beste zerbaitetan oinarritu behar zen. Laster aurkitu zuten modua: “Ongi etorri web 2.0ra!” esan ziguten. “Idatzi zure lagunei, kontatu non zauden, zer egiten ari zaren, zer gustatzen zaizun eta zer ez!”. Informazio hori gordeta eta aztertuta, web 2.0 enpresek negozio iturri oparoa topatu zuten, gutako bakoitzaren profil ahalik eta zehatzena eginez, hasiera batean publizitate pertsonalizatua saltzeko.
Denborarekin, publizitate pertsonalizatua erakusteko teknikak sofistikatu eta hedatu egin dira, helburu bakarrarekin: guk ahalik eta denbora gehiena ematea haien webguneak eta aplikazioak ikusten eta, batez ere, haien iragarkiak. Horretarako, algoritmoak erabiltzen dituzte: aurrez zer ikusi eta zer egin dugun aztertuta, formula horiek gutako bakoitza pantailari itsatsita mantentzeko zer erakutsi behar diguten kalkulatzen dute.
Konturatzerako, gutako bakoitza burbuila digital moduko batean sartu gaituzte, non beti antzeko edukiak erakusten zaizkigun. Facebooken, Twitterren eta antzekoetan, gure gustu eta joera berak dituztenen mezuak erakusten zaizkigu beti; Googlen hitz bera bilatuta, emaitza ezberdinak jasotzen ditugu, helburua ez delako topatu nahi dugun hori aurkitzea, baizik eta bilatzailean bertan ahalik eta denbora gehiena pasatzea eta iragarkietan klik egitea. Horrela joaten zaigu denbora, denok munduko jakintza osoa biltzen duen sare horretara konektatuta, baina bakoitzak zatitxo ezberdin bat besterik ikusten ez duela.

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/eusnet
Euskal Herrian ere izan ditugu Internet, negozio baino, mundua hobetzeko tresna bihurtzen saiatu direnak. Eusnet elkartea izan zen lehenengoetakoa. Duela gutxi zendu da haren bultzatzaile nagusia.

https://labur.eus/pariser
10 minutu baldin badituzu, Eli Pariser adituak bikain azalduko dizu zein diren ‘iragazki burbuilaren’ arriskuak; ez dira gutxi! Bideoa ingelesez dago, baina euskarazko azpitituluak ditu.

https://labur.eus/jabe
Iratxe Esnaolaren gogoeta mamitsua (gure) datuen jabetzaz.

Joxe Rojas