Jantzigarrien urtea?

PC salmentak maldan behera doazenez, eta eramateko gailuenak ere moteltze bidean daudenez, kontsumoko elektronika egileak merkatua berriz suspertzeko aukeren bila dabiltza. Eta han-hemenka agertzen ari diren zantzuen arabera, badirudi gailu jantzigarriak izango direla ekarriko diguten hurrengo joera.
Azken Gabonetako kanpainan apustu sendoak ikusi ditugu: erloju adimentsuak, eguneroko jarduera fisikoaren jarraipena egiteko eskumuturrekoak, sakelako informazioa erakusten diguten betaurrekoak... Ordenagailua poltsikoan eramaten ohitu garenean, soinean eramatera ohitu nahi gaituzte, antza.
Egia esan, saltzaileentzat pagotxa handia izan daiteke gailu elektronikoak urteroko moda zikloen barruan txertatzea. Gaur egun ere gertatzen da: elektronika enpresetako diseinu sailek jo eta ke dihardute lanean gure sakelakoen, tableten eta abarren itxura ahal bezain azkar zaharkitu eta, ondo funtzionatu arren, berria erosteko gogoa sortzeko. Pentsa zer bihurtu daitekeen hori, gure trepetatxoak zuzenean moda osagarri edo apaingarrien kategorian sartzen badira, denboraldi batetik bestera zaharkituta. Edo zer izan daitekeen gaur egun hain emankorra den telefonoetarako estalki eta karkasen merkatua, horiek guztiak urte batetik bestera estetika hutsagatik aldatu behar izanez gero.
Halere, bada beste arrazoi potolo bat elektronika etxeek gailu jantzigarriak sustatzeko: erabiltzaileoi buruzko informazio-iturri agortezinak dira. Nora begira gauden, zenbat denbora ematen dugun geldi eta zenbat aktibo, zer ordutan joaten garen lotara, noiz jaikitzen garen, nondik nora mugitzen garen, zer ikusi edo entzuten dugun inguruan, otorduak noiz egiten ditugun... Edozein marketin arduraduni belaunak dardarka jartzeko moduko informazio-oldea, telefonotik baino askoz ere modu gardenagoan aterata, hau da, erabiltzailea konturatu gabe.
Baina tira, badirudi oraindik denbora igaroko dela gailu mota hauen benetako eztanda gertatu arte. Ikusi besterik ez dago Googleren betaurrekoek edo hainbat etxek atera dituzten erloju 'adimentsuek' izandako harrera epela. Iraultzaileak direlakoan aurkeztu dizkigute, baina, azken finean, ez dute eskaintzen gama ertaineko edozein telefonorekin egin ezin dezakegun ezer... Gehiago estutu beharko dute garuna, amua irentsiko badugu, eta prestazio berri eta erakargarriak asmatu.

Loturak, estekak, linkak...

http://ttiki.com/59563
'Janzteko gailuak'. Gai honi buruzko Gorka Julioren artikulua Berriako 'Irlen Sarea' atalean.

http://ttiki.com/59564
'Jantzita eramateko informatika'. Igor Leturiaren artikulua Elhuyar aldizkarian.

http://sustatu.com/1382104876
Hainbat erloju adimentsuren berri
sustatu.com-en