Kameratoia, aurten online

kameratoia

Euskaltzaleen Topaguneak Lekeitioko Euskal Zine Bilerarekin batera antolatzen duen Kameratoiak ere sumatu du pandemiaren eragina. Hala, aurten online egingo dute, Zine Bileraren antzera. Euskal Zine Bileran egin ohi da Kameratoia, Lekeition, baina aurten parte-hartzaileek ez dute bertaratu beharrik izango. Horren ordez, azaroaren 13tik 15era bitartean, nahi duten lekuan grabatu ahal izango dituzte film laburrak, eta 15ean bertan, eguerdiko 12:00ak baino lehen, e-postaz bidali beharko dituzte. Landu beharreko gaia 13an ezagutaraziko zaie. 16. Kameratoian aurkezturiko film labur guztiak Zine Bileraren webgunean ipiniko dituzte, azaroaren 16tik 19ra, publikoak gustuko duena bozka dezan. Irabazleen berri azaroaren 22an emango dute. Aurten parte hartzen dutenek Aitor Arregi zinema zuzendaria izango dute gidari. Arregi bera izango da epaimahaikidea, Izibene Oñederra zuzendariarekin batera. Izena azaroaren 7ra arte eman daiteke, Kameratoiaren webgunean (Kameratoia.eus).


aikoAIKO taldeak euskal dantza tradizionalaren lehenengo eskola digitala abiatu du: Aiko Dantza Eskola Digitala (aikoeskola.eus). Pandemiaren eraginez 2020-21 ikasturteko aurrez aurreko eskolak ezin izango dituztenez eskaini, Internet baliatzea erabaki dute. Eskola digitalak hainbat euskal dantza tradizional ikasteko aukera ematen du, edozein gailutik. Webgunea hiru hizkuntzatan dago: euskara, gaztelania eta ingelesa. Dantza ikastaroan izena ematen duenak zuzeneko eskolak jasoko ditu astero. Horrez gain, Aiko taldeko irakasleek grabatutako materiala ere eskainiko da, prestakuntza osatzeko, dantza guztiak urratsez urrats azalduta. Interneten lehen aldiz, mutildantza eta jauzi guztiak jarriko dituzte erabiltzaileen eskura. Baliabide gehiago ere eskaintzen ditu eskola digitalak, funtzio pertsonalizatuak, esaterako: kamera geldoan edo azkarrean ikusteko aukera, irudiaren 180 graduko bira... Gainera, tarteka, ikastaro monografikoak eta eskola magistralak ere eskainiko dituzte, adituen eskutik. Ikastaroa urritik ekainera izango da, bi mailatan banatuta: hastapena eta hobekuntza. Urte osoko matrikulak 160 euro balio du.

LABURREAN

eeeEEE EUSKARA ESKUZ ESKU tresna digitala aurkeztu du Euskaltzaindiak: euskara batuaren arauak modu sinplifikatuan agertzen ditu, Ipar Euskal Herriko hizkeren berezitasunak nabarmenduta eta euskara batuak onartzen dituen Iparraldeko formak lehenetsita. Ipar Euskal Herriko hiztunen artean euskara batua hedatzea du helburu, hizkuntza aniztasuna kontuan hartuta. Arauak eta gomendioak biltzen ditu, baita batuaren eta Ipar Euskal Herriko euskalkien egoerari, dialektologiari, literaturari... buruzko artikuluak eta bestelako edukiak ere: lekukotasun bideoak, ahoskeraren audio grabazioak... Helbide honetan erabil daiteke EEE: www.euskaltzaindia.eus/eee.

appSAKELAKO telefonoetarako aplikazioa sortu du Euskaraldiak. Android eta iOS eragileetarako prestatua, ekimen horretan izena emateko aukera ematen du. Erabilera gehiago ere baditu: inguruko ariguneak aurkitu, Euskaraldian sortutako berriak eta “prestakuntza pilulak” ezagutu, parte hartzen dutenen argazki galerian sartu, Euskaraldiaren dendan sartu, bizipenak bidali eta aholkuak jaso...