Patria

olasagarreJuanjo Olasagarre

Nagikeria eragiten zidan. Zeharka begiratzen1 nion irakurtzen ikusten nuen jendeari; metroan, trenean, hondartzan, kaleko aulkietan, belarretan, adiskide baten etxeko sofan... ikusi dut jendea liburu potolo hau eskuetan: Patria, Fernando Aramburu, 2016, Tusquets. Azal zuri beltza, guardasol gorriarekin, sinbolikoa, sinbolikorik bada.
Alferkeria eragiten bazidan ere, gustura irakurri nituen Joseba Gabilondok eta Iban Zalduak idatzitako azterketa zorrotzak; bai eta Pau Luqueren eta Ander Zurimendiren artikulu arinagoak ere, harik eta nekatu nintzen arte. Sarean, izan dozenaka baitira Patriaren ingurukoak.
Nagia eragiten zidan, baina, azkenean, eskuartean dudana idazten jarraitzeko irakurtzea zuhurra eta ondratua iruditzen zitzaidalako, di-da batean egin dut astebetean, eta, egia esan, nobelak erraz egiten du aurrera.
Eta, hala ere, zer liburu kaskarra. Eta faltsua. Faltsua ez nire konbikzio abertzaleen kontra egiten duelakoz, baizik eta, denboraren manipulazioa salbu, esan bezala ongi eramana dagoena, berriz esateko, ez duelako fikzioaren legeetako bakarra ere errespetatzen.
Izango dira, jakina, Joxe Mari eta Miren bezalako pertsonak abertzaleen artean, baina haiek ere izango dute uneren batean erruki izpi bat, zalantza txikiren bat. Biktimak, bestalde, hobekixeago islaturik daude, baina haiei ere sakontasun psikologikoa falta zaie. Inguruaren islari dagokionez, Zalduak denbora décalage izendaturikoa gertatzen da askotan, alegia, islatu nahi diren garaien eta ideia, pentsamolde, moda, musika, estiloen eta abarren arteko bat ez etortzea; Don Serapio apaizak jokatzen duen rola garrantzitsuegia izatea islatu nahi diren garaietarako, esaterako.
Patria nobelak ez dio ezer erakutsiko ez irakatsiko estatuko edozein irakurleri, albistegiek urteetan ereindako idearioa indartu baino ez dio egingo. Zentzu horretan, esanen nuke Arambururen liburua ohitura nobela dela ia-ia, gure Txomin Agirrek idatzi zituen haien antzekoa: alde batetik, on-onak, idazlearen ideologiarekin bat egiten dutenak; bestetik, gaizto-gaiztoak, kontrako ideologia adierazten dutenak. Zertarako ñabardurak, egia hori bada!