Ikurrak

musikaGernikako arbola’ Euskal Herriko ereserkia izatea eskatu dute

Jose Mari Iparragirrek 1853an sortutako Gernikako arbola abesti edo zortzikoa Euskal Herriko ereserkia izatea aldarrikatu dute 80 euskal musikarik. Abuztuaren 12an aurkeztu zuten eskaria, Iruñean. Gontzal Mendibil abeslari eta musikariak aurkezpenean azaldu zuenez, Gernikako arbola “beharbada, ikurrik eta musikarik esanguratsuena da Euskal Herrian, aniztasun handia duelako eta batasuna eskaintzen duelako, era guztietako herritarrek parte har baitezakete  bertan”. Hain zuzen, Iparragirrek sortu zuenetik ildo politiko guztietakoek abestu izan dutela nabarmendu zuten. Egun, Euskal Herriak ez du ereserkirik. Euskal Autonomia Erkidegoko ereserki ofiziala Euskadiko ereserkia (Gora ta gora izenez ere ezaguna) da, 1983tik, eta Nafarroakoa, berriz, Gorteen ereserkia, 1985etik. Ipar Euskal Herriak, aldiz, ez du ereserki ofizialik. Horrenbestez, Euskal Herriaren osotasuna aintzat hartuko duen himnoaren beharra aldarrikatu dute ekimenaren sustatzaileek, eta, horretarako, Iparragirreren kantua jo dute aproposentzat. Gernikako arbola abesteko deia ere egin diote euskal gizarteari. Euskal Herri osoa batuko duen himnoari buruzko eztabaida ez da berria, eta, aldian-aldian, proposamenak egin ohi dira. Zuek zein aukeratuko zenukete?