Animaliak

hartzHartz zuriak 2100. urterako desager litezke

Klima aldaketak hartz zurien desagertzea eragin lezake 80 urteren buruan. Hala jakinarazi du Nature Climate Change agerkarian argitaratutako ikerketa batek. Lurraren berotzeak hartz zurien habitatean duen eragina neurtu du ikerketak, eta horrek espeziearen biziraupenean izango dituen ondorioak: lurraren berotzeak egungo abiaduran jarraitzen badu, hartz zurien ugaltzea nabarmen murriztuko da, eta Artikoko populazio gehienak desagertu egingo dira. Berotzearen eraginez, Ozeano Artikoko izotz geruzak urtzen ari dira, hartzek fokak ehizatzeko baliatzen dituzten eremuak, alegia. Hori dela eta, hartzek ezin dute behar bezala elikatu. Dagoeneko antzeman dituzte honelako joerak zenbait hartz zuriren artean: hezur eta azal diren hartzak, beren ohiko ehiza lekuetatik urrundu eta herrietara hurbiltzen direnak janari bila... Emeen kasuan, gainera, larriagoa da habitataren desagertzearen eragina, nahikoa gantz ezin pilaturik goseak hartz kumeak elikatzeko esnea sortzeko arazoak eragiten baitizkie. Biziraupen tasari eragin aurretik hartz zuriek zenbat egun iraun dezaketen baraurik kalkulatu dute ikertzaileek. Horren arabera, 2100. urterako, hartz zuri gehienak desagertuko dira, baldin eta lurraren berotzeak egungo erritmoan jarraitzen badu.