Euskara

Euskaltzaindiak 719 forma berri jaso ditu bere ‘Hiztegia’-n

Aurtengo udak hitz sarrera berriak ekarri ditu Euskaltzaindiaren Hiztegira. Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. Bada, udan iritsi da 2020ko bigarren eguneratzea, eta, orotara, 719 forma berri (41 sarrera eta 678 azpisarrera) gehitu dizkio: begioker, bretoiera, galbana, hankaoker, ilekizkur, neskamotz... Horiez gain, 647 forma osatu edo findu ditu. Horrenbestez, gaur egun 39.292 sarrera, 8.786 azpisarrera eta 66.396 adiera biltzen ditu sareko Euskaltzaindiaren Hiztegiak (www.euskaltzaindia.eus). Hiztegiari erantsitako formen artean, asko tradiziozkoak dira. Hiztegiaren arduradun Miriam Urkia euskaltzainak azaldu duenez, “hiztegia handitzen eta lehendik dagoena osatzen eta fintzen ari gara azken boladan. Forma berri-berriekin batera konbinatu behar dira tradiziokoak; horietako asko adibide gisa jasoak genituen, baina bistaratze saio bat egin dugu azpisarrera gisa jasota, jendeak erraz aurki ditzan”. Zuen hiztegia aberastu eta mingaina dantzatzean hitz berriak erabiltzeko, beraz, baduzue nora jo: hiztegian begiratzeak ez du galbana eragiten! Gainera, ez ikastea da mandotik astora erortzeko biderik onenetakoa...