Ingurumena

eukaliptusEukalipto sailen eragina kaltegarria da ingurumenerako

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko aditu talde batek egindako ikerketaren arabera, eukaliptoen eragina kaltegarria da ingurumenerako, bai Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bai Iberiar Penintsulako gainerako lekuetan. Kalteok alor askori eragiten diete, hala nola lurzoruari, hidrologiari eta bioaniztasunari. Beste zenbait zuhaitz mota baino errentagarriagoak direlako, azken hiru hamarkadetan ugaritu egin dira eukalipto sailak EAEn. Egun, lurraldearen % 2,6 betetzen dute. Gehienak Bizkaiko mendebaldean eta kostaldean daude, baina Araban eta Gipuzkoan ere ugaritu dira. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eskatuta egin dute ikerketa, eta, horretarako, eukaliptoari buruz argitaratu diren ehun lan baino gehiago aztertu dituzte. Kalteak ere zehaztu dituzte txostenaren egileek. Esaterako, eukalipto sailetako lurzoruek iragazgaitzagoak izateko joera dute, eta eukaliptoaren orbelak beste zenbait landare espezie haztea eragozten du. Gainera, onddoen, likenen, landareen, lurreko ornogabeen, anfibioen eta hegaztien dibertsitatea murriztu egiten da. Erreka eta ibaiei ere eragiten die, eukaliptoen orbelak nutriente eskasak dituelako. Eukaliptoa papergintzan baliatzen da batez ere, eta bi dira espezie ugarienak: Eucalyptus globulus eta Eucalyptus nitens.