'Ikusteko.tv', sareko euskarazko bideoen ikus-gela

ikusteko

Interneteko hainbat plataformatan topa daitezkeen euskarazko bideo gero eta ugariagoak jaso eta gune bakarrean eskaintzeko asmoz, Ikusteko.tv egitasmoa abiarazi berri dute. Hastapenetan da egitasmoa, eta, oraingoz, YouTube-n aurki daitezkeen euskarazko ikus-entzunezkoak besterik ez ditu jaso. Alabaina, etorkizunean beste hainbat ataritakoak ere metatuko ditu, tartean, zenbait euskal hedabideren webguneetan topa daitezkeenak. Bildutako bideoak hainbat kategoriatan banatu dituzte. Nolanahi ere, hasiera fasean egonik, osatze bidean da oraindik ere gunea. Hala, Beta bertsioa da egun sarean erabil daitekeena.


 


nontzefilmDAGOENEKO martxan da Nontzefilmak Film Laburren Lehiaketa. Ohi denez, Nontzeberri.com kultur webguneak FANT Bilboko Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren laguntzarekin antolatzen duen on-line lehiaketara zinema eta animazioko film laburrak aurkez daitezke, beti ere lan originalak izanez gero. Lanak aurkezteko epea martxoaren 28an amaituko da. Dena dela, lehenago ere bidal daitezke film laburrak, jaso ahala lehiaketaren webgunean ipiniko dituztelako ikusgai. Sariei dagokienez, hiru banatuko dituzte: Nontzefilmak Zinema Saria lan onenari, Nontzefilmak Animazio Saria lan onenari eta Nontzefilmak Euskarazko lan onenari. Lehen bi kategorien irabazleek 1.500 euroko sari bana jasoko dute, eta euskarazko lan onenaren garaileak, berriz, 2.000 eurokoa. Halaber, lanik nabarmenenak 2014ko FANT jaialdian eskainiko dituzte. Argibide guztiak zehatz-mehatz ezagutzeko, http://www.nontzeberri.com/nfk14/ gunera jo behar da.