Arkeologia

oheaOrain arteko oherik zaharrena topatu dute

Duela 200.000 urte, Harri Aroan, gizakiak belarrez eta errautsez egindako oheak erabiltzen zituen. Hala ondorioztatu du Witwatersrandeko Unibertsitateko (Johannesburgo, Hegoafrika) ikertzaile talde batek, KwaZulu-Natal eskualdeko Border Cave izeneko kobazuloan topatutako aztarnak aztertu ostean. Science aldizkariak argitaratutako ikerketaren arabera, errautsekin eta hosto zabaleko belar sortekin egindako oheak dira topatutakoak. Lehen geruza errautsez osatua dago: isolatzaile moduan ez ezik, intsektuak uxatzeko ere baliatzen zuten. Izan ere, errautsak hainbat intsektu mota ito eta haien ahoak blokeatzen ditu, akainenak, adibidez. Belarrari esker, ostera, ohatzeak erosoagoak ziren. Gainera, kanforrondoaren aztarnak ere topatu dituzte, hau da, Afrikako zenbait lekutan intsektuak uxatzeko oraindik ere baliatzen den landare usaintsuarenak. Era berean, landutako harrien eta okrearen arrastoak ere aurkitu dituzte. Horregatik, ikertzaileek uste dute bertan, lo egiteaz gain, tresnak eta apaingarriak egiten zituztela. Lehenago ere aurkitu izan dituzte ohe arrastoak haitzuloetan; zaharrenak, duela 77.000 urtekoak, Hegoafrikan, halaber. Beraz, Border Caven aurkitutakoak askoz zaharragoak dira. Ikertzaileen iritziz, horrek erakusten du lehen gizakiek portaera konplexua izan zutela, orain arte uste izan dena baino askoz lehenagotik. Bueno, eta ohea aspalditik dugula gustuko gizakiok, prefosta!