Ikastolak

Aurten ez da ikastolen aldeko festarik izango

Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Kilometroak, aurten ez da bat bera ere egingo. Koronabirusaren eraginez, bertan behera utzi ditu Ikastolen Elkarteak, osasun egoerak hobera egin ez duenez ez dutelako inolako arriskurik hartu nahi. Udaberriko jaiak (Herri Urrats, Araba Euskaraz eta Ibilaldia), konfinamendua indarrean zenez, uda amaierara eta udazken hasierara gibeleratu zituzten. Udazkenekoak (Kilometroak eta Nafarroa Oinez), aldiz, data beretan mantendu zituzten. Azkenean, baina, jaiok ez egitea deliberatu dute antolatzaileek. Herri Urrats irailaren 20an zen egitekoa, eta debeku ofizialik jaso ez arren, Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak nahiago izan du bertan behera utzi. Erabakia jakinarazteko prentsaurreko berean adierarazi zuen Koldo Tellitu Ikastolen Elkartearen lehendakariak gauza bera erabaki dela gainerako festen gainean. Halere, “Euskal Herri osoari eskaintzeko ekitaldi handi bat” egiteko aukera aztertzen ari dira. Jaiok ez egiteak kalte ekonomiko handia eragingo die ikastolei. Esaterako, Seaskako diru sarrera nagusiak festetatik etortzen dira: guztira, heren bat. Egoera gaiztoa, euskaltzaleon laguntzarekin gainditu beharko dena.