Frantzia

kalefazioaTerrazetan berogailuak erabiltzeko debekua

Datorren negutik aurrera, Frantziako kafetegi, taberna eta jatetxeetako terrazetan ez da berogailurik izango. Ingurumen arrazoiak tarteko, Frantziako Gobernuak debekatu egingo ditu. Izan ere, kalean berogailuak jartzea energia xahutzea da. Era berean, berogailua piztuta duten dendetan, tabernetan eta antzekoetan, ateak itxirik eduki beharko dituzte aurrerantzean, arrazoi beragatik: berogailua ipinita izateak eta ateak zabalik edukitzeak ez du zentzurik, beroak ihes egiten duenez energia gehiago baliatu behar delako. Frantzia osoan jarriko da neurria indarrean, nahiz eta zenbait hiritan dagoeneko abian den; Roazhon (Rennes) hirian, esaterako, aurtengo urtarrilean ezarri zuten debekua. Nolanahi ere, datorren neguan kaleko berogailuak baliatu ahal izango dira, neurria neguaren ostean jarriko baitute plantan. COVID-19ren eraginez ostalaritzak kalte handiak jasan dituela kontuan hartuta, sektorea gehiago ez kaltetzeko asmoz, hala egitea erabaki du Frantziako Gobernuak. Azken urteetan, asko hedatu dira halako berogailuak terrazetan, baita Euskal Herrian ere. Haatik, 2021etik aurrera, Ipar Euskal Herrian, bederen, ez da gehiagorik ikusiko.