Euskalgintza

torrealdaiJoan Mari Torrealdai hil da

Euskalgintzak, kulturgintzak eta Euskal Herriak ezinbesteko erreferentea galdu dute aurtengo udan: uztailaren 31n, Joan Mari Torrealdai (Forua, Bizkaia, 1942 – Usurbil, Gipuzkoa, 2020) hil zen, idazle, kazetari, soziologo eta euskaltzaina. Euskararen eta euskal kulturaren berreskurapen prozesuan bidegile garrantzitsua, ugariak eta askotarikoak izan dira bere ekarpenak. Urte luzez Jakin aldizkariaren zuzendaria, 1975etik euskaltzaina, Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat, Euskaldunon Egunkariaren Administrazio Kontseiluko kide eta lehendakaria berripaperaren sorreratik... oparoa da hark egindako lana. Besteak beste, euskara, euskal kultura eta zentsura jorratu zituen bere liburuetan, eta euskarazko komunikabideen arteko elkarlana eta egituraketa bultzatzen ere saiatu zen. Minbiziaren ondorioz hil da Torrealdai. 2003an, Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, beste askorekin batera atxilotu eta espetxeratu egin zuten. 2010ean, Auzitegi Nazionalak aitortu zuen atxilotu haiek errugabeak zirela. Atxilotu zutenean jasandako torturekin lotzen zuen Torrealdaik jasandako minbizia. Kolpe handia izan da haren heriotza euskalgintzarako, baina egindako ekarpen eskergak bizirik jarraituko du.