Aldarrikapena

teknikariakTeknikariak, oraindik ere alarma egoeran

Koronabirusari dagokionez, eta zantzu guztien arabera, oso zaila da kultur eremuetan kutsatzea (ekitaldietan segurtasun neurriak gehiago errespetatzen direlako, antza). Haatik, kultur espektakulu andana bertan behera geratzen ari da, eta ondorioak gero eta larriagoak dira: sektoreko langileek gero eta lan prekaritate handiagoa dute, besteak beste.  Egoera salatzeko, Teknikariok sindikatua sortu berri du langile talde batek (argi, soinu eta irudi teknikariak, jostunak, ekoizleak, garraiolariak...). Ez dute denbora gehiegi galdu: herrietako jairik gabeko uda honetan bertan, hainbat mobilizazio egin ditu sindikatuak, “horrela jarraituz gero, desagertu egingo garelako”. Lehenen, elkarretaratzea egin zuten Donostian, Kursaal parean, eta antolatzaileek “oso arrakastatsutzat” jo zuten deialdia. Gero, Bilboko manifestazioan, irudi oso boteretsua erdietsi zuten: 150 flightcase (garraioetarako kutxa beltza) inguru, denak lerrokaturik, segurtasun distantziak zorrozki mantenduta. Pozik agertu zen berriz sindikatua emaitzarekin; hori bai, “bidea luzea” izango dela ere onartu zuen.