Historia

amaiurAmaiurko gazteluaren iragana, ikusgai

Amaiur herriko (Baztan, Nafarroa) gazteluak toki berezia du euskaldunon oroimenean: 1522an setiatu eta eraitsi zuten Gaztelako tropek, 1512an Nafarroako Erresuma konkistatzeko hasitako inbasioko azken guduan, hain zuzen. Azken hamabost urteotan, gazteluan indusketak egin dituzte, auzolanean, Amaiurko herritarrek eta beste hainbat boluntariok Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin, eta aztarna ugari azaleratu dituzte. Gazteluaren hondarretatik berreskuratutako aztarnak ezagutzera emateko, Amaiurko gazteluaren arkeologia zentroa zabaldu zuten, abuztuan, Amaiurren bertan, Kale Nagusiko Etxeberria etxean. Bertan, Nafarroako konkistako azken guduan erabilitako objektu eta tresna ugari ikus daitezke, besteren artean zeramikak, sukaldeko tresneria, jakien arrastoak, eta gaztelua eraikitzeko eta konpontzeko erabilitako lanabesak. Gainera, Nafarroako Erresumari buruzko agiriak ere paratu dituzte ikusgai, Nafarroaren iragana aldarrikatzen zuten egileenak zein gerra irabazi zutenek idatzitakoak. Euskarak ere protagonismo handia du, Nafarroako kultur paisaian duen oinarrizko garrantziaren erakusle. Amaiurko Gaztelu Elkarteak bultzatuta, Nafarroako Gobernuaren eta Baztango Udalaren laguntzarekin, zabaldu dute zentroa.