Euskaltegi berria Santurtzin, eta berritua Lekeition

Matrikulazio kanpaina abian dela, ikasturteari berme osoz ekiteko prest dira AEKren euskaltegiak. Santurtziko eta Lekeitioko euskaltegiek, gainera, jantzi berriz beztituta egingo dute, egoitza berria eta berritua zabalduko baitute, hurrenez hurren. Santurtziko Xaribari AEK euskaltegiak irailean zabalduko du, euskaltegi zaharretik gertu, eta herriaren erdigunetik orain arte baino gertuago: Larrarte anaiak kalean. Irailean, bulegoa irekita izango dute, eta hila amaitzerako eskolak hasteko prest izango dira. Lekeitioko euskaltegian ere, berritze lanak amaitzear dira, eta iraileko bigarren hamabostalditik aurrera zabalduko dizkiote ateak euskara ikasi nahi duen orori. Hala, ikasturte hasieran ikasleak goxo hartzeko prest izango da Atea kaleko 7.enean dagoen euskaltegia, berritua eta “ederra baino ederragoa”, Lekeitioko AEKren arduradun Edurne Brouardek azaldu duen moduan.