Umoreak nahiko librea izan beharko luke, baina errealitatea ez da librea

arinNerea Arriola Urberuaga
Aktorea eta erizaina

Aktorea eta Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean erizaina da Arriola (Donostia, 1988). Txikitatik dabil oholtzan: 8 urterekin hasi zen Zurriola ikastolako antzerki taldean. Super Txope youtuber gisa egin zen ezagun, eta hainbat lanetan ikusi ahal izan dugu: Gorabeherak eta Gutuberra websailetan, telebistako saioetan, antzerkian... Umorezko bakarrizketak egiten ditu, baita bikoizketak ere. Udan, Euskadi Irratiko Faktoria saioan jardun du, etxeko gelei buruzkoak umorez landuta.

Erizaina ZIUn. Hilabete gogorrak?
Bai. Baina ez ZIUn lan egiten dudalako. Oro har, mundu guztiarentzat bezala, osasun munduko edozein sailetan lan egiten dugunontzat egun gogorrak izan dira.
Txaloak zer moduz hartzen dira?
Nik, txalo egitean, ez nien osasun arloko lankideei egiten. Haiei ere bai, baina bereziki autonomoei, supermerkatuetako langileei... Badirudi inor ez dela gogoratu haietaz. Jendearen berotasuna eskertzen duzu, jakina, batez ere hasieran. Baina bestetik, batez ere maila goreneko batzuei dagokienez, pentsatzen duzu: “Txalo gutxiago eta hobetu langileen baldintzak, baliabideak...”. Ez neure lan baldintzen mesederako, baizik eta denon hobe beharrez. Osasuna, hezkuntza... inportanteak direlako. Itxurakeria gutxiago!
ZIUn izaten al da umorerako tarterik?
Bai, pilo bat. Hala behar du. Edozein lekutan, ezta? Bai, ZIUn izaten da, bai langileon artean bai pazienteekin. Umoreak bere momentua du, bere lekua, eta beti ez du balio, batez ere pazienteari dagokionez. Gure arteko umoreak ere ez du edozein lekutan balio, oso umore beltza izan baitaiteke.
Zer da umorea zuretzat?
Bizitza ikusteko modu bat.
Nola ikusten da umorearen antiojoekin?
Absurdo. Ohartu naiz barregarriagoa iruditzen zaidala ekintza, keinu edo egoera zehatz bat hitz joko bat baino. Horrek ez dit hainbesteko barregurarik eragiten. Gehiago interesatzen zait egoera, horri buelta ematea.
Umorearen mugak, gero eta estuagoak?
Ez nuke esango gero eta estuagoak direnik, baizik eta kolektibo zapalduak ahotsa altxatzen hasi direla. Desberdina da. Umorea nondik egiten duzun, asko aldatzen da ikuspuntua. “Orain ezin da ezer esan” esaten dutenek lehen, igual, dena esan zezaketen, baina orain, agian, ez. Umoreak nahiko librea izan beharko luke, baina errealitatea ez da librea. Horregatik, ulertzen dut kolektibo batzuek esatea “Kokoteraino gaude, beti garelako zuen burlaren jomuga”.
Sektorea nola aterako da honetatik?
Ez dakit, egia esan. Ez da erraza izango. Konfinamenduaren arintzean, antzokiak eta parkeak gutxi gorabehera aldi berean ireki dira. Hor jada ikus daiteke apur bat nola dagoen kontua. Aldi berean oso kuriosoa izan da, konfinamenduan eskatu den lehenengo gauza sorkuntza eta edukia izan baitira. Orduan, pentsa daiteke: agian, ez da hain ez-beharrezkoa. Ematen du goi mailako zerbait dela, baina ez, kultura gizartea lantzeko modu bat da. Gero eta gizarte jakintsuagoa izateko, kultura ezinbestekoa da. Gauza guztiak bezala, baina ez da inportantea: ekonomia garrantzitsuagoa da. Ikusi beharko gizartearekin zer gertatzen den, oro har, ez bakarrik kulturarekin.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Gosari on edo irribarre zintzo batek.
Eta tristatu? Inpertsonaltasunak, zenbaki bat izateak.
Zerk eragiten dizu barrea? Gauza askok, baina bereziki egoerek. Bestela, barreak berak.
Eta negarra? Denak, kar-kar! Bai onerako bai txarrerako, oso pertsona negartia naiz.
Zerk haserrearazten zaitu? Oldarkortasunak. Bestela, batzuetan, enpatiarik ezak.
Bizio bat? Janaria.
Umoregile bat? Hannah Gadsby. Bakarrizketak ulertzeko modu bat eman dit.
Aktore bat? Edurne Azkarate. Asko gustatzen zaizkit, halaber, Meryl Streep, Charlize Theron... Pilo bat!
Eñaut Mitxelena