Nolanahi ikasteko manerak AEKn

Hastear da 20/21 ikasturtea. Ezin jakin nola joango den, baina aurrekoan izandako eskarmentuan oinarrituta, AEK-k ahalegin guzti-guztiak egin ditu dena prestatu eta euskara ikasi nahi duen orok, segurtasun neurriak beteta, abagunea eskura izan dezan: gertuko euskaltegian, norberaren etxean, aurreko bi aukera horiek uztartuta, Foruko barnetegian... Ikasleek hurbil eta prest aurkituko dute ikasprozesuan lagunduko dien irakaslea. Bik beste balio duen irakaslea, gainera, irakasten jakiteaz gain, ikaslea euskaldun aktibo bihurtzea nahi izango duena. Dena den, AEKn ikasturtea ez da euskara irakastera mugatuko, mintzapraktika egitasmoak eta normalizazio planak sustatzen eta itzulpen-zuzenketa lanak egiten jarraituko baitu. Izan ere, ikasi eta erabili egin behar dugu euskara, eta horretan laguntzera etorriko da 22. Korrika, hori ere hastear dugun 20/21 ikasturte honetan. Ekin, eta eutsi goiari! M. Egimendi.

alizia

“Prest da AEK ikasturte berria hasteko, unean uneko osasun neurriak beteta”

Alizia Iribarren Andueza (Elizondo, 1976) AEKren koordinatzaile nagusia eta irakaskuntza arduraduna da. Duela urtebete hartu zuen ardura; hortaz, hasiera “berezia” izan du karguan, 19/20 ikasturtea ez baita ohi bezala garatu.
Balorazio pertsonala egitean, “gogorra eta oso trinkoa” izan dela ez du ukatzen, “batetik, ardura berrian hasi nintzelako, eta, bestetik, pandemiaren eraginez gauza asko arian-arian moldatu eta erabaki behar izan ditugulako; halere, asko ikasteko aukera izan dut”. Dena den, AEKren eta ikasleen balorazioa “positiboa da. Hasierako nahasmena gaindituta, erresilientziarako gaitasuna dugula erakutsi dugu: arazoak arazo, ikasleak zein bezeroak zaintzeko ahaleginak agerian geratu dira, jasotako balorazioak onak izan baitira”.
Orain, aurrera begira jartzeko unea iritsi zaigu, hastear baitugu 20/21 ikasturtea. Iribarrenen esanetan, “dena prest” du AEK-k datorren ikasturtean izan genezakeen egoerara moldatzeko: “Matrikulazio kanpainan buru-belarri sartuta gaude, eta gure eskaintza osoa normaltasunez aurrera eramateko bidean gara. Gure helburua, ikasleak euskalduntzea eta hiztun aktiboak izaten laguntzea, alegia, lantzeko eta lortzeko prest gara. Horretarako, osasun erakundeek ezarritako neurriak beteko ditugu. Geletan distantziak mantenduta, prest dago guztia eskolak eman eta euskaltegietan irakasleek zein ikasleek garbiketa neurri egokiak izan ditzaten”.
Hortaz, eta pandemiak pandemia, AEK bere euskara ikastaro mota guztiekin dator, “gure eskaintza osoa normaltasunez garatzeko lanean segitzen baitugu”. Udaberrian eten ziren eta ibilbide luze eta arrakastatsua duten aurrez aurreko ikastaroekin jarraituko da, “baina eskolak emateko eta antolatzeko modua bizi dugun egoera berrira egokituta; hala, bide eta aukera berriak ezarriko ditugu. Esaterako, ikasturtearen hasieratik, taldean eta taldekideen artean ‘ingurune digitala’ erabiltzeko aukera eskainiko dugu. Horrela, aurrez aurreko taldeetan lana asko erraz daiteke ikasleek, balizko larrialdi baterako, osagarri digitalak prest badituzte: komunikazio kanalak, materiala partekatzeko txokoak, etab.”.
AEK erakundearekin batera, AEKideak ere prestatzen ibili dira, berriro itxialdiren bat ezarriko balitz beste moduren batean jarraitu ahal izateko: “Irakasle, dinamizatzaile zein teknikariek etengabeko prestakuntza jasotzen dute urtero; bada, azken boladan, prestakuntza hori egokitu eta sakondu egin dugu, testuinguru berriari erantzuteko. Hala, baliabide guztiak ditugu eskura eskolekin urrunetik jarraitzeko eta ikasleen ikasprozesuak etenik ez izateko. Hilabete hauetan, AEKn plan berezi bat osatu dugu etor litekeenari irtenbiderik onena topatzeko, eta ikastaldeen ezaugarriei egokitutako bestelako aukerak ere prest ditugu”. Ez alferrik, pasa den udaberriko esperientzia oso baliagarria izan da, eta asko lagun lezake etor litekeenari aurre egiteko eta ongi erantzuteko.
Bestalde, irakasle bat da ikasturte honetako kanpainako protagonista, “irakasleak direlako AEKren altxorrik garrantzitsuena, ikaslearen pertsonarik gertukoenak diren aldetik. AEKn, irakasle batek bik beste balio duela diogu. Batetik, irakasleak gai direlako ikasleak ikasprozesuan aurrerantz egin dezan; bestetik, euskaraz bizi denaren pasioz, euskaltegian matrikulatzen den pertsonak ikastea nahi dutelako. Txanpon beraren bi aldeak dira: irakasleen esperientzia eta eskarmentua, eta irakasle horien pasioa eta gogoa”.
Bukatzeko, ezin ahaztu, toki batetik bestera aldeak badaude ere, “ikasleek euskara ikasteko dirulaguntzak dituztela eskura. Hainbat herri administraziok laguntza ematen diete herritarrei bekak, laguntza bonuak edo dena delakoak emanez, eta enpresa batzuek ere ematen dizkiete dirulaguntzak beren langileei”. Horri buruzko informazioa jasotzeko, ikasleak hurbilen duen euskaltegira jo dezake. Aitzakiarik ez, beraz, euskaldun aktibo bihurtzen jarraitzeko!

guarrotxena

“Hilabeteko egonaldiari zukua aterata, nabarmen aurrera daiteke”

Arantzazu Guarrotxena Zearrak (Busturia, 1980) 17 urte daramatza AEKn lanean. Foruko barnetegiaren arduraduna da gaur egun. Bost urteko eskarmentua du ardura horretan, baita bertan euskara eskolak ematen ere.

AEKren barnetegia 1995etik dago irekita Urdaibaiko biosfera erreserban: “Ordutik, etxe honek milaka ikasle hartu ditu, euskara ikasten hasitakoak, beren maila hobetzera etorritakoak eta euskalduntze prozesua amaitutakoak” dio Guarrotxenak.
Egunean 24 orduz euskaraz bizitzeko aukera ematen du barnetegiak. Denbora eta ahalegina eskaini behar izan arren, euskara barnetegian ikasteak hainbat abantaila ditu. Hala, “ikaragarri” ikasteaz gain, “hizkuntza alde afektibotik irakasten” dela dio Guarrotxenak: “Kafe edo te baten inguruko elkarrizketan edota, etxetik kanpo, inguruko herritarrekin eta lagunekin. Ikasleen eta irakasleon arteko harremana goizetik gauera bitartekoa da”.
Foruko barnetegia urte osoan dago zabalik. Uztailetik irailera, udako barnetegietarako erabili ohi du AEK-k, baina gainontzean hilabeteko euskalduntze ikastaroak (120 eskola ordukoak) eskaintzen dira bertan; eta, azken urteotan, baita B2 eta C1 mailak egiaztatzekoak ere. Horiei dagokienez, egonaldia mantenu osoan edo erdian egin daiteke.
Taldean ikasi eta bizi nahi duen edozeinentzat da egokia barnetegia. Guarrotxenak dioen moduan, “hilabeteko egonaldiari zukua aterata, nabarmen aurrera daiteke. Hasiera izaten da ikasle batzuentzat, murgilketaren bidez hastea erabakitzen dutenentzat, hain zuzen. Beste kasu batzuetan, berriz, hilabetez edo hainbat hilabetez prozesua azkartu nahi dutenak etortzen dira. Azkenik, ikasten hasi eta bukatu nahi duten ikasle grinatsuak ere ez dira gutxi izaten; horiek ikasturte osoa ematen dute hemen”.
Barnetegiko egun arrunt bat gosaritan hasten da, 9:30ean ikasgelan prest egoteko. Ondoren, hamaiketako edo atsedenaldi baterako denbora izaten da, eta 14:00ak jotakoan, jangelara jaisten dira guztiak. Bazkalostean, lo-kuluxka egiteko denbora dute ikasleek, edota ibilalditxoa egitekoa. Arratsaldean, 15:30ean abiatzen da eskola, eta 18:00etan amaitu. Gainerako orduetan, Guarrotxenak dioenez, “zaletasunen edo energiaren araberako planak izaten dira ikasleen artean: kirola egin, liburutegira osteratxoa, poteoa, inguruko herriak bisitatu, goizean ikasitakoa egongelan berrikusi, hondartzan ibili, etxeko kontuei erantzun, dantza taldean edota Gernikan Astrako ikastaroetan parte hartu, mintzapraktika hango berbalagunekin...”.
Hilean behin, egun osoko irteera egiten dute, eta hilaren beste hiru asteetan, ostera, egun erdikoa, goizez zein arratsaldez: “Inguruak eta ingurukoak ezagutzen ditugu, paraje zoragarrian bizi gara eta! Bisita gidatuak ere egiten ditugu, edota bestelako ekintzak, herri kirolak Gaia taldearekin, kasu. Ideia horiek asteroko bileran partekatzen ditugu, denon artean”. Horrelakoa izaten da asteburura bitarteko bizimodua, “eta ostiralean, bazkalondoan, etxera”.
Bizikidetzaerraza” omen da: “Asteroko batzarrean horretaz mintzatzen gara, eta denon artean giro atseginari eusteko proposamenak egiten ditugu. Beti dago bizikidetzarako berezko gaitasuna duen jendea, elkar zaintzen duten lagunak. Izan ere, gurea ‘barnetegi familiarra’´da, hitz hori egokiena ez bada ere. Azken batean, eskuz esku aritzen gara egunero, eta baserri antzeko etxe batean bizi gara 10-30 lagun”. Datorren ikasturtean, ordea, kopurua mugatu egin beharko da, pandemiak hala behartuta: “Ikasgeletan, logeletan zein jantokian distantzia eta segurtasun neurriak betetzeko, aldaketak egin behar izan ditugu. Euskaltegietan bezala, ikasleak goxo eta seguru ibil daitezen, unean uneko osasun neurriak beteko dira, eta ezarritako protokoloen arabera lan egin eta bizi beharko dugu. Beste jokabide batzuekin egin beharko dugu bizimodua, baina betiko giro alaiari eutsita, ikasleek esperientzia errepikatzeko gogoz amai dezaten”. Izan ere, “eskertzekoa” da, Guarrotxenaren esanetan, ikasleek euskalduntzearen alde egiten duten lana: “Eskoletan, eskolatik kanpo eta etxeratutakoan. Miresgarria!”.

 

jaione“Irakaslea hurbil du ikasleak, mezularitza sistemaren eta tutoretza saioen bidez”

Jaione Barandiaran Barandiaran (Beasain, 1971) AEKren online ikastaroen arduraduna da, Andoni Tolosa Goikoetxearekin batera. 18 urte inguruko eskarmentua dute biek euskara irakasteko modu honetan, eta milaka ikasleri lagundu diete euskaldun bihurtzen denbora tarte horretan.

Euskara ikasi edo hobetu nahi duen edonorentzat izan daitezke egokiak online ikastaroak. Duela urte batzuetatik, aldaketa nabarmena izan du jendarteak, zer esanik ez azkenaldi honetan. Barandiaranek dioenez, “lehen erritmoa lasaiagoa zen, baina orain erlojupean bizi gara etengabe. Abiadura azkar horrek irakaskuntzan ere eragina izan du”. Hortaz, garai berriari egokituta, AEK-k euskaltegi birtuala ere eskaintzen du, www.egela.aek.eus gunean. Ikasleak ikasprozesua era eraginkorrean eta giro aproposean aurrera eramateko baliabideak eta pertsonak topatuko ditu bertan, hasiera mailatik.
Ikastaro mota honen abantaila nagusia “malgutasuna” dela dio Barandiaranek, “ikasleak berak antolatu ahal duelako noiz egin bere lana. Bestalde, ikaslearen ezaugarrietara hainbat modutan egokitzeko parada dago, eta sarean aukera asko daude, doan eta eskura, ikasprozesuan sakontzeko”. Are gehiago, desabantaila handirik ez dio ikusten, “ikaslearen autonomia maila eta diziplina”, akaso, “horiek asko baldintzatuko dutelako ikasprozesua. Norberak gai izan behar du bere lana erritmo eta modu egokian antolatzeko, hortxe dago gakoa. Gainera, ikastaroa burutu ahal izateko, beharrezkoa da baliabide tekniko egokiak edukitzea, eta hori ez dago denen eskura”. Berez, nahikoa da ikasleak IKTen oinarrizko erabilera ezagutzea, eta Interneterako sarbidea eta webkama duen tableta edo ordenagailua edukitzea. Horretaz aparte, ikastaroan bertan topatuko du behar duen guztia: “Hasi aurretik, ikasleari hainbat aholku tekniko eman ohi diogu, eta gero ere horretan aritzen gara une oro”.
Ikasleak, mailaren arabera, taldean jardun ohi du, ibilbide didaktiko bakarraren barruan. Batez beste, unitate bakoitzak 10 orduko lana eskatuko dio; eginkizun batzuk bere kabuz egin beharko ditu, eta beste batzuk taldean: “Online egiteko bereziki diseinatutako baliabideak dira, nahiz eta etengabe egin aurrez aurreko ikasgela baten simulazioa. Horretarako, astero aritzen gara gela birtualean, zazpi ikaslerekin gehienez, hortik gorako kopurua ez baitugu egoki ikusten, ez didaktikoki ez teknikoki. Unitatean landutako gaiari eta edukiei lotuta, ikasleak bere zeregina prestatu behar izaten du aurretik, eta horren bueltan jarduten dugu”. Horretarako, irakasleak lan hori amaitzeko epea jarriko dio ikasleari, behar dituen azalpen osagarriak eta aholkuak emanda, taldearen erritmoari eusteko eta ikasprozesuan eragin okerrik ez izateko. Etengabeko jarraipena ere egingo dio, hainbat tresna erabiliz: foroa, mezularitza sistema, tutoretza saioak... Ikasleak, era berean, edozein unetan jo dezake irakaslearengana. Irakasleak bideraturiko asteroko saioez gain, ikasleek nahi dutenean erabili ahal dituzte gela birtualak, irakaslea bertan egon ez arren.
Orain arte, hainbat eta hainbat ikasle igaro dira AEKren euskaltegi birtualetik: “Hainbat arrazoi tarteko, euskaltegira gerturatu ezin duten euskal herritarrak zein atzerrikoak; adin guztietakoak, 16 urtetik hasi eta 70-75 urte bitartekoak. Azken horiek ilobekin-eta euskaraz hitz egin nahi duten ikasleak izan ohi dira”. Ikasleen asebetetze maila behin baino gehiagotan neurtzen da ikastaroan, eta amaieran ondo baloratzen omen dute, oro har: “Hobekien, gela birtualeko saioak, irakaslearen eta ikaskideen arteko harremana. Ikasprozesuan aurrerapausoak egiten dituzte, eta gehienek beren helburuak lortu ere lortzen dituzte. Askok esaten digute ez zituztela irudikatzen horrela gure ikastaroak, oso ondo daudela”.
Gainera, bertan euskararen erabilera eta normalizaziorako bideak ere jorratzen dira ikasleekin, AEKren euskaltegi guztietan bezala: “Ikasleak ikasten dutena erabiltzera bideratzen ditugu, eta, horretarako, hainbat kultur ekintza antolatzen ditugu ikasturte osoan, zeinak blogean (www.egela.aek.eus/blog/) jakinarazten ditugun”. Urtean lau mintzodromo birtual ere egiten dira, edonorentzat irekiak, “eta oso arrakastatsuak izan ohi dira”. Horra hor euskara ikasi eta erabiltzeko beste modu bat!