Instagram sare soziala erabiltzen duzue?

ikamika

Instagram sare sozial erabilienetakoa da egun. Testuak baino, argazki eta bideo laburrak lehenesten ditu; eta hori, berehalakotasunaren kulturan, oso ezaugarri garrantzitsua da. Bestalde, ezin ukatu hainbat gauzatarako oso erreminta baliagarria dela: mezu eta ideiak partekatzeko, maite ditugunekin harremanetan egoteko, zaletasunetan sakontzeko... Alabaina, arriskuak ere baditu, gehienak erabilera okerretik eratorriak: mendekotasuna edo antsietatea sor dezake, itxurari gehiegizko garrantzia ematen dio, pribatutasunari dagokionez gatazkak sortzen ditu etab. Eta zuek? Instagramerrak al zarete? Zertarako erabiltzen duzue? Ohartzen al zarete izan ditzakeen arriskuez ala gehiegikeriak direla uste duzue?  Laudioko AEK-ko, B2-C1 udako trinkoa

1. Beñat
Nire ustez, Instagram sare sozial dibertigarria eta interesgarria izan daiteke. Gure pribatutasuna zaindu eta modu egokian erabiltzea gure esku dagoen kontua delakoan nago.
2. Igone
Nik Instagram gutxitan erabiltzen dut, noizbehinka lagunen argazkiak ikusteko baino ez. Uste dut egunero Instagramen bidez bere bizitza pertsonala zabaltzen duen jendea ez dela kontziente horrek ekar ditzakeen arriskuez. Hala ere, ondo erabiliz gero, sare sozial erabilgarria eta erakargarria delakoan nago.
3. Olaia
Nik erabiltzen dut, eta bertan lagunekin harreman sozialak egiteko, baita argazkiak publikatzeko ere, aukera paregabea da. Esango nuke plataforma honek ekar ditzakeen arriskuez kontziente naizela: pribatutasun eskubideen urraketa, sor dezakeen mendekotasuna, besteak beste. Hala ere, modu eraginkorrean erabilita, aipatutako arazoak saihestu daitezkeelakoan nago.
4. Malen
Bai, Instagramerra naiz, eta sare sozial honek dakartzan arazoez erabat kontzientea naiz. Egunero erabiltzen dut; hala ere, plataforma honekiko mendekotasunik ez dudala uste dut. Azken finean, erabilera egokia eginez gero, arazo larririk ekar ez dezakeen sare soziala da.
5. Ane Miren
Nire ustez, gaur egungo nerabe gehienok Instagram aplikazioa deskargatuta daukagu gure sakelakoetan. Aitortu behar dut ematen diodan erabilera ez dela guztiz egokia; hau da, egunero ordu pila bat ematen dut pantailari begira. Hortaz, eskaintzen diogun denbora kontrolpean edukitzea oso irtenbide egokia izango litzateke.
6. Naia
Nire eskarmentuan oinarrituta, Instagram oso aplikazio interesgarria dela esan dezaket. Hari esker, telebistan agertzen ez diren eta munduan zehar gertatzen diren hainbat albisteren berri izan dezakegu. Nik oso gustuko dut aplikazio hau, informatu eta entretenitu egin bainaiteke.
7. Iraitz
Nik Instagram aplikazioa erabiltzeko ohitura dut, gehienetan famatuek igotzen dituzten argazkiak edo bideoak ikusteko. Hala eta guztiz ere, ondo erabiltzen saiatzen naiz, eta oso argi daukat honen gehiegizko edo okerreko erabilerak arrisku ugari ekar ditzakeela.