Bitzitza putzuetan

putzu

Urdaibai, Plaiaundi, Salburua, Laguardiako aintzirak, Pitillaskoa... Hezeguneak aipatzean, handiak datozkigu gogora normalean. Biodibertsitate aberatseko ekosistemak izaki, sekulako garrantzia dute ingurumenari dagokionez. Alabaina, hezegune handien itzalpean, badira askoz txikiagoak ere; tamainaz txikiak, baina ez garrantzian. Aranzadi Zientzia Elkartea halakoak sortzeko edota berreskuratzeko lanean ari da duela 21 urtetik. Eñaut Mitxelena.

Putzuak, urmaelak, arekak... askotarikoak dira hezegune txikiak. Mikrohezegune  izendatzen dituzte Aranzadin. “Izena nahiko artifiziala da” dio Aranzadiko Herpetologia saileko Ion Garin biologoak, “ez dagoelako hezegune txikien ezaugarriak zehazten dituen definiziorik, baina hezeguneen artean handiak eta txikiak bereizteko baliatzen dugu”. Izan ere, historian babestu ez diren arren, 1972an Irango Ramsar hirian egindako nazioarteko hitzarmenaz geroztik, hezegune handiek legezko babesa izan dute. Tartean, Euskal Herriko hainbatek, arestian aipatuek, kasu. Beharrezko babesa, historikoki ekosistema ahaztuak izan direlako. Asko eta asko, gizakien interesen arabera lehortuak, desagerraraziak edota kutsatuak. Iberiar penintsulan, esaterako, hezegune handien % 60 suntsitu zituen gizakiak XIX. eta XX. mendeetan. Hezegune txikien suntsiketaren daturik ez da.
Garinek dioenez, tamaina txikikoak “ez dira kontuan hartu, ez dira babestu, eta mikrohezegune izenarekin bereizketa egin nahi izan dugu, hauetan ere arreta jartzeko. Zeren nahiz eta erdi mailako irudi batzuk sortu diren, EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planeko zerrenda, esaterako, halakoak barneratzen dituena, legez ez dute horren babes handirik. Faltan sumatzen dugu, bizidun batzuentzat mikrohezegune hauek askoz hobeak direlako hezegune handiak baino”.
Mikrohezeguneen garrantziaz jakitun, aspaldi hasi zen Aranzadi Elkartea Euskal Herriko mikrohezeguneen sarea ehuntzen. Azken 21 urteetan, eta hainbat eragile publiko eta pribaturekin elkarlanean, 300 mikrohezegune inguru sortu edota egokitu dituzte Hego Euskal Herrian: Nafarroan 124, Gipuzkoan 92, Araban 47 eta Bizkaian 23. Azkenak, aurtengo udan bertan, Zumaian eta Oiartzunen, boluntarioen laguntzarekin putzu bana egokituta.
Ekosistema aberatsak
Zergatik dira hain garrantzitsuak mikrohezeguneak? “Kontserbazioaren ikuspegitik, izaki bizidun batzuek ezinbestean behar dituztelako” zehaztu du Garinek. Bi talde nagusi aipatu ditu Aranzadiko kideak. Batetik, anfibioak; bestetik, odonata ordenako zenbait intsektu: sorgin-orratzak eta burruntziak. “Batzuek zein besteek, nahitaez behar dituzte hezegune horiek beren ugalketa zikloa betetzeko”. Horiez gain, beste animalia asko ere erakartzen dituzte hezeguneek; tartean, anfibioez elikatzen direnak eta beste hainbat: txoriak, lertxunak, zenbait suge espezie, ura edatera gerturatzen diren ugaztunak... “Esan daiteke aglutinatzaileak direla: espezie asko bertaratzen dira hezeguneetara, eta, beraz, espezieen ikuspuntutik oso ekosistema aberatsak dira”. Hezeguneetan sortzen den landaretza ere ezin ahaztu.
Aranzadiren ekimenez edota eragileen eta erakundeen proposamenei erantzunez egindakoak, tamaina ezberdinetakoak izan ohi dira mikrohezeguneok. Batzuk hutsetik sortuak izaten dira; besteak, aldiz, hezeguneetan edota hezetasun puntu bat biltzen duten eremuetan egindakoak edo berreskuratutakoak. Mikrohezeguneak egiteko arrazoiak ere hainbat dira. Zenbait kasutan, berariaz egiten dira, espezie jakin batzuen mesedetan. Adibidez, Nafarroako Ultzama bailaran XXI. mendearen hastapenean sorturikoak: “Baso igel jauzkariari buruzko ikerketa sakonenak egin zirenean, kinka larrian zegoela ikusi zen, eta halako eremuen beharra zuela. Hala, Ultzaman eta inguruko baso eremuetan mikrohezeguneak sortzen hasi ziren”. Donostia eta Orio arteko lurretan soilik aurki daitekeen hegoaldeko zuhaitz igeltxoarekin antzekoa gertatu zen. Nahiko kasu ezaguna izan zen hura: ugaltzeko erabiltzen zuen hezegune nagusia enpresa baten urtegia zen; enpresak suntsitu egin nahi zuen, baina espezieak ugaltzeko erabiltzen zuen eremu bakarrenetakoa izanik, eta legez debekatuta dagoenez espezie mehatxatuen zerrendetan dauden animalien ugaltze lekuak suntsitzea, azkenean ez zuen egin. Ondoren, “Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeaketa plan bat jarri zuen abian, eta  Donostian, Igeldon eta Orion putzu sare bat osatzeko bultzada izan zen”.
Mehatxatutako espezieak babestea ez da mikrohezeguneak sortu edota moldatzeko arrazoi bakarra.  Beste asko legez babestutako eremuetan sortu ohi dituzte. Hots, Natura 2000 sarearen barne dauden eremutan, hala nola Aiako Harria Natura Parkean, Gorbeian, Ulia-Jaizkibelen, Arabako hegoaldeko mendilerroetan... Lege babes zehatzik ez duten zenbait eremutan ere sortu izan dituzte. Kasu horietan, EAEn, udalerriek Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana izenekoan sar ditzakete. “Zerrenda bat biltzen du plan horrek. Ez ditu guztiz babesten bertan ageri diren hezeguneak, baina ezer ez baino hobea da”.
Sortu eta ezagutzera eman
Azken hogei urteetan egindako lanaren emaitza dira egun Hego Euskal Herrian dauden ia 300 hezegune txikiak. Aurrerantzean ere putzu gehiago sortu edo berreskuratzeko asmoa dute Aranzadin, baina orain arte egindakoak ahaztu gabe. “Une honetan, gure ustez, hobe da dagoeneko egin ditugun putzu horiek ahalik eta modu egokienean kudeatzea, bertan bizidun gehiago egon daitezen, eta bertako espezieen biziraupena bermatzeko edo errazteko”.
Auzolanak egin ohi dituzte Aranzadikoek putzuak sortzeko edota egokitzeko. Halako ekimenak hedatzeko ez ezik, mikrohezeguneen garrantzia ezagutarazteko ere baliagarriak dira. Gainera, eta mikrohezeguneak ingurumen hezkuntza eta dibulgazioa lantzeko tresna didaktiko egokiak izan daitezkeela jakinik, Eskoletako Urmaelen Sarea ekimena jarri du martxan elkarteak, ekosistema hauek ezagutzera emateko eta, era berean, zientziaren hainbat alor lantzeko. “Gure xedea da, eskola askotan baratzeak egiteko joera egon zen moduan, hezegune txiki batzuk egiteko joera sustatzea. Zientzia lantzeko aukera ematen dizuten lekuak dira, bizidunekin interakzioa lor dezakezulako”. Dagoeneko sustatu dituzte halako proiektuak zenbait lekutan, Irungo Plaiaundi Institutuan, Ataungo eta Berrizeko eskoletan, etab. Gainera, “informazio iturri ere izango dira. Izan ere, eskolako umeak gure zientzialari txikiak izango dira, ikusten dituzten espezieei buruzko informazioa emango digute, eta horrek gure datu basea aberasteko aukera emango digu”. Ekimena euskara hutsean garatuko dute, eta Euskal Herri osora zabaldu nahi dute, Hegoaldean ez ezik, Ipar Euskal Herrian ere landu ahal izateko.

Kontuan hartzekoak
Mikrohezeguneetara gerturatuz gero, bertako faunaz gozatzerik ba al da? Anfibioei dagokienez,  “oso iheskorrak dira, oro har, eta ez dira erraz ikusten”. Kate trofikoaren erdian daudenez, gautarrak dira gehienak, eta askok kamuflajea baliatu ohi dute. Gainera, batzuk (uhandreak, kasu) urtarrak dira, eta, ondorioz, oso zaila da urrutitik ikustea. Garinen ustez, “ikusteko aukera gehien ematen dutenak burruntziak eta sorgin-orratzak dira”. Hortaz, gomendioa sinplea da: “Aukera dagoenean, disfrutatu”. Dena den, ez  dago zertan soilik anfibioei erreparatu: “Azken finean, hezeguneak erakarpen lekuak dira, eta joan daitezke trikuak ura edatera, suge gorbatadunak apoen bila, txori mota ugari ura edatera...”. Hori bai, gerturatzekotan, oinarrizko arau batzuk bete behar dira beti. Hasteko, hesituta egonez gero, eta gehienak halaxe daude, hesia ez zeharkatzea. Oinarrizko beste araua: “Ez dira ez bertoko ez kanpoko espezieak sartu behar”. Bertakorik ez, “beren kabuz iristen direlako”. Kanpokorik ere ez, bertako espezieen kalterako izan daitekeelako: “Bertara egokitzen bada, hortik ateratzea ezinezkoa da, eta arazo bihur daiteke betiko; zenbaitetan, arazo konponezina”. Zientzialariei laguntzea ere badago, ez bakarrik halako putzuak sortzeko auzolanetan parte hartuz, baita, esaterako, Aranzadiri putzuetan ikusitakoaren gaineko informazioa igorriz: “Aranzadin, orain, egitasmorik indartsuenetakoa Herritarren Zientzia da: herritarren parte hartzearen bidez, bertako animaliei buruzko informazioa hainbat plataformatan barneratzen da”. Horrenbestez, espezieren bat topatu eta argazkirik eginez gero, Aranzadikoei igortzea ez dago sobera, beren lanean beste aletxo bat gehitzeko modua izango baita.

Euskal Herria, eremu aberatsa

Anfibioei zein narrastiei dagokienez, Europan hegoaldeko penintsulak eremu aberatsenetakoak dira. “Horregatik daukagu hemen espezie dezente” dio Garinek. “Europako anfibioen atlasa ikusiz gero, puntu beroenetakoa izan daiteke Euskal Herria. Agian, ez da punta-puntakoa, baina nota jarriko bagenio, ‘oso ongi’ edo izango luke” zehaztu du. Orotara, Euskal Herrian, 18 anfibio espezie topa daitezke. Urodeloen (helduak direnean isatsa daukatenak) artean, arrabio espezie bakarra eta lau uhandre espezie daude, tartean Pirinioetako endemismo bat: uhandre piriniotarra. Anuroei (helduaroan isatsik ez dutenak) dagokienez, hamahiru espezie ditugu. Horien artean adierazgarrienak hegoaldeko zuhaitz igela, apo lasterkaria eta baso igel jauzkaria dira, baita Pirinioetako beste endemismo bat ere: baso igel piriniotarra. Bereziago nahiz arruntago, denak ere garrantzitsuak eta, nola ez, zaindu beharrekoak.