Bertako haziak, tokiko kulturaren gordailu

baratzea

Bertako haziak berreskuratzeko proiektua abiatu dute Arakilgo Udalak, Sakanako Garapen Agentziak eta Arrea elkarte agroekologikoak. Helburua da bertako elikagaiak eta, ondorioz, horiek hazteko beharrezko nekazaritza tradizionala lehengoratzea, besteak beste. Amaia Gartzia.

Arakilgo (Nafarroa) biodibertsitatea berreskuratzeko helburu nagusia duen hazia landatu dute aurten Sakanako inguru horretan. Hala, hain zuzen Biodibertsitatearen haziak izeneko egitasmoa jarri du abian Arakilgo Udalak, Sakanako Garapen Agentziaren eta Arrea elkartearen laguntzarekin.
Bertako haziak (baratzekoak zein fruta arbolenak) ezagutzeko eta berreskuratzeko asmo handiko proiektua da. Egitasmoa bera ere hazi bat dela esan genezake, beste eremu batzuetan sustraitu eta adarkatuko dena, hala nola bertako nekazaritzan eta, ondoren, gastronomian, behin produktuak kontsumitzen direnean.
Nekazaritza alboratzearen eta globalizazioaren ondorioz, hazi eta zuhaitz mota asko landatzeari utzi, eta galdu egin dira. Arbasoek landutako ondare material hori leheneratzeak ezinbesteko tokiko ondare immateriala ere berreskuratzea ekarriko du: nekazaritza tradizionala.
Nekazaritza biodibertsitatearen garrantzia azpimarratu nahi dute egitasmoaren bidez. Denok ezagutzen ditugu faunaren biodibertsitatearen egungo mehatxuak; laborantzari dagokionez, ordea, ezezagunagoa da gaia. Alabaina, ez luke hala izan beharko, desagertzen ari diren landare espezie horiek gure elikaduraren oinarria baitira.
Esther Monterok, Arrea elkarteko teknikariak, honela azaldu digu: “Nazio Batuen Erakundeak zehaztutakoaren arabera, XX. mendean laborantza moten % 80 galdu zen. Ia denok dakigu Gabon garaian gorostia ezin dela moztu, babestua dagoelako, baina elikatzen gaituzten espezieen gaineko ezagutza murritza da oso”.
Balio erantsia dute tokian tokiko haziek, nekazariek mendez mende aukeratu, garatu eta hobetuak izan baitira. Ezin dugu ahaztu tomateak, sagarrak edota garia, esaterako, ez direla berez sortzen; ez, behintzat, komunitate oso bat elikatzeko moduan. Milaka eta milaka urtez egindako lanaren ondorio dira, hautaketaren eta hobekuntzaren emaitza. Basatiak ziren landare ahaide horiek lantzearen ondorioz, fruitu hobeak lortu ditu, pixkanaka, gizateriak.
Nekazaritzak zaintzen zuen bioaniztasuna ziztu bizian ari da desagertzen, batez ere 50eko eta 60ko hamarkadetatik, batez ere monolaborantzaren erruz. Aniztasun horrek zuzeneko eragina du ingurunean eta ekosistemetan, eta ekoizpenaren eta ingurumenaren egonkortasunari eusteko gakoetako bat da.
Bestalde, berriz sortu nahi diren hazi barietate hauek bertakoak direnez, eta bertakoek urteetan landu izan dituztenez, askoz egokituago daude ingurura: “Tokiko nekazaritza iraunkor eta ekologikorako, maila txikikoa bera, egokiagoak dira hazi hauek industrialak baino” dio Monterok, “bertakoak elikatzeko eta elikadura hori dibertsifikatzeko asmoz landu izan direlako, ez mundu mailako merkatua asetzeko”. Gainera, hazi industrialen ezaugarriak bestelakoak dira.
Orobat, tokiko hazi hauek osagai kultural itzela dute, arestian aipatu ondare immaterialaren isla baitira: “Haziak eurak bezain garrantzitsua da haiekin loturiko ezagutza: noiz landatu behar diren, nola, noiz jaso, asko ureztatu behar diren ala ez...”.
Ezagutza horren transmisioa, baina, galtzen ari da, eta, tamalez, zati handi bat ez dago inon jasoa. Hori dela eta, informazio bilketa egiten ari dira Arakilen egun. Hainbat herritako biztanleekin harremanetan jarri dira, batez ere adinduekin, antzinako hazien eta informazioaren bila, hazien mapa osatzea xede.
Baratzeko landareekin baino, batez ere fruta arbola mota askorekin ari gara topo egiten: madariondo mota asko eta asko, baita pikondoak zein mahatsondoak ere”. Hazi hauek urte osorako uzta ziurtatzen zuten, orain ez bezala; egun, adibidez, merkatuan bizpahiru madari mota daude eskuragai ia urte osoan, aldaera oso eskasarekin. Baratzeko produktuei dagokienez, babarrunak eta porruak lortu dituzte, besteren artean.
Horrez gain, desagertuak diren haziak berreskuratzeko, hainbat hazi bankutara jo dute, bertako ereduak birsortzeko asmoz. “Nafarroako Unibertsitate Publikoak badu halako bat, non Nafarroako antzinako sagarrondoaren haziak dauden; bada, Arakilgoak bertakoak diren hamahiru barietate dituzte, landan topatu ez ditugunak. Hitzarmen bat sinatuta, haziok garatzera eta gero beste eredu batzuk helaraztera konprometitu gara”.
Kontserbazio plan parte-hartzaile honen bidez, interesa agertzen duten pertsonei haziak banatuko dizkiete, beren baratzeetan landa ditzaten, eta, hori gauzatzeko, tailerrak eskainiko dituzte: “Haziak nola biderkatu irakasteko, baita nola txertatu ere, fruta arbolei dagokienez”.
Bertako haziak funtsezkoak dira aniztasun, kultura eta gastronomiaren aldetik, baina baita  atzetik datozen belaunaldien elikadura ziurtatzeko ere. “Zenbat eta dibertsitate handiagoa, orduan eta babestuago egongo gara izurrite edo gaixotasunen erasoetatik”.