Makila bat kolpatzetik heldutako lehia

pilitxo

Makila jaurtiketaren jokoa oso zabalduta egon zen Araban, XX. mendearen erdialdera arte. Hamaika izendapen zituen, tokiaren arabera: pilocho, txikola, canbocho, calderón, txirikila, filocho… Hainbat lekutan, gizonek ez ezik, emakumeek ere jokatzen zuten. Jon Rejado.

 

Makila bat airean jo, makila handiago batekin, ahalik eta urrutienera bidaltzeko. Ekintza horretan oinarritutako jokoa hamarkadatan egon zen hedatuta Araban: Aramaiotik Guardiara eta Aguraindik Erriberagoitira. Tokiaren arabera, ezaugarriak ezberdinak ziren, baita izenak ere: pilocho, cambocho edo filocho; txirikila edo txikola; calderón… Muina, ordea, bera zen beti.
50eko hamarkadara arte, oso zabalduta egon zen jokoa. Pilochoan aritzeko garaia, baina, nahiko zehatza zen: garizuma, nagusiki. “Urteko garai horretan, ez zegoen dantzarik, ez beste ezer” dakar gogora Teresa Samaniegok, Albainan jaiotako emakumeak, zeinak txikitan ezagutu zuen jokoa. “Eskolarako bidean, helduak jokoan ikusten genituen, eta guk ikusitako hori errepikatzen genuen”.
Jolaslekua edozein eremu zabal izan zitekeen. Alde batean, jaurtitzailea jartzen zen, eta parean aurkariak. Jokorako tresnak bertsuak ziren herri guztietan: bi muturrak zorroztuta zituen 20 zentimetro inguruko makila bat (pilochoa, canbochoa, txirikila...); makila luzeago bat (manilla), txikia astintzeko; eta, azkenik, oihalak (zakuak, mantalak, jantziak...), airera jaurtitako makilatxoa hartzeko.
Herrien araberako arauak
Jokatzeko bi era nagusi zeuden: zubia eta calderón. Batean zein bestean, jokalariak bi taldetan banatzen ziren: jaurtitzaileak eta hartzaileak. “Beisbolaren antzekoa zen” azaldu digu Kepa Ruiz de Eguinok, Aguraingo etnografoak.  Calderón modalitatean, jaurtitzaileak zirkulu batetik jaurtitzen zuen, eta zirkulu horri calderón esaten zioten, horregatik izena. Zubi eran arituz gero, berriz, jaurtitzailea futboleko ate bat irudikatzen zuten bi harriren aurrean jartzen zen. Jokoari hasiera emateko, jaurtitzaileak makila jotzen zuen; talde hartzaileko kideren batek pilochoa airean hartzen bazuen, jaurtitzailea kaleratzen zuen. Lurrera eroriz gero, aldiz, jokoak aurrera segitzen zuen.
Zubia izeneko eran, hartzaileak makilatxoa lurretik hartu eta jaurtitzailearen atzeko bi harrien artetik sartu behar zuen: gola sartu behar zuen. Lortzen bazuen, jaurtitzailea kaleratzen zuen. Asmatzen ez bazuen, aldiz, jaurtitzaileak puntuak gehitzen hasteko aukera zuen. Horretarako, ate aurrean, pilochoari hiru kolpe ematen zizkion, jarraian: lehen kolpea jo; heldutako lekutik bigarrena… Azkenik, atearen eta pilochoaren arteko distantzia neurtzen zuten. Horretarako, manilla zen eredua. Atearen eta makilatxoaren artean 120 manillako distantzia bazegoen, 120 puntu lortzen zituen taldeak. 
Calderón zailagoa zen. Makilatxoa bi harrien artean sartu beharrean, calderón zirkulura jaurti behar zuten. Barruan sartuz gero, jaurtitzailea kaleratzen zuten; bestela, zubi eran bezala, honek puntuak irabazteko aukera zuen, hiru kolpe emanez.
Jokoa txikitako oroitzapenen artean dute garai hori bizi izan zutenek. Kepa Ruiz de Eguinok herriko edadetuekin hitz eginez freskatu zituen jokoaren nondik norakoak, joko zaharrak ez galtzeko asmoz. “Oso araututa zegoen ganbochoa, baina horren gaineko inguruko interesa desagertuz joan zen”. Umeek eutsi zioten, jolas gisara. Hala gogoratu du Ernesto Pastor Diaz de Garaiok; ama Okarizkoa zuen, eta bertan ezagutu zuen jokoa, haurra zela. “1960an jaio nintzen, eta hamarkada horretan sarritan jokatzen genuen, gure kasa”.
Berreskuratzeko saiakera
1960ko hamarkadarako, makilaren jokoa ez zen ia inon jokatzen, eta, gaur egun, herri gutxitan eusten diote. Dena den, izan dira berreskuratzeko saiakerak. 1985. urtean, adibidez, hainbat herrik jokoa berreskuratu zuten. Albaina izan zen horietako bat. Besteak beste, Teresa Samaniego, Victoria Aberasturi, Julita Salazar, Angelita Rodriquez eta Aurora Villarrealek berreskuratu zuten. 
Emakume horien ekinbideari beste egoera bat gehitu zitzaion, Raquel Villarrealek, Rodriguezen alabak, azaldutakoaren arabera. “Garai hartan, Fernando Corcuera izeneko apaiz bat etorri zen, eta inguruko herrietako bizilagunak harremanetan jarri zituen”. Harreman horri esker, pilocho partidak antolatu zituzten herrien artean: Albaina, Trebiñu, Pariza, Guardia… “Zein ondo pasatzen genuen! Emakume guztiok herri batean elkartzen ginen, jokatzeko eta eguna bertan emateko” oroitu du Angelita Rodriguezek.  
Albainan eta beste hainbat herritan, emakumeen jokoa zen, hein handi batean. Edonola ere, tokiaren arabera desberdina izaten zen. Agurainen, esaterako, emakumezkoek zein gizonezkoek jokatzen zuten, baina inoiz ez elkarrekin, Kepa Ruiz de Eguinoren esanetan: “Gizonak apur bat astakiloak ziren...”. Ernesto Pastorrek, aldiz, haur guztiek elkarrekin jokatzen zutela gogoratzen du.
Guztiek diote jokoa desagertzeko arrazoiak askotarikoak izan daitezkeela, baina ados daude, nolabait, joko berriek zaharren lekua hartu zutela pixkanaka, modu naturalean. “Haurra nintzenean, uztaia zegoen, kanikak, makila zorrotza lurrean sartzeko jolasa… Baina halakoak desagertu egin ziren, cambochoa bezalaxe”.