Touch: Errugbiaren balioak, plakaketarik gabe

rugby

Pandemiak, kirolen artean, errugbia kaltetu du bereziki. Azken batean, jokalariek elkar kutsatzeko arriskua handia da, etengabe ukitzen dutelako elkar (meleak, plakaketak...). Oldarkortasun hori jokoaren DNAn dagoela dirudi, baina ez du zertan hala izan. Izan ere, errugbiaren aldaera batean, jokalariek ez dute ia elkar ukitzen, eta, gainera, oso inklusiboa da: touch errugbia. Iban Lantxo. Argazkiak: @EuskadiTouchRugby

Aldaera honen jaiotza oso lotuta dago ez ukitze horrekin, hain zuzen. Unai Elorriaga (Algorta, 1973) Euskadi Touch elkartearen presidenteak honela azaldu du: “Berez, toucha errugbitik sortu zen, entrenamendu eta beroketetan lesioak ekiditeko ariketa izan daitekeelako”. Nolatan? “Batez ere, plakaketarik ez dagoelako. Beste taldeko jokalariren batek ukitzea nahiko da baloia lurrean uzteko”. Horrez gain, touchen ez dago melerik, alboko sakerik ere ez... Erritmoa oso dinamikoa da. Pase gehienak eskuetara egiten dira, jokaldiak eta aldaketak ere oso arinak dira... “eta jokalariek bereziki burutsuak izan behar dute kontrako taldearen defentsan hutsuneak bilatu edo pasabideak sortzeko eta, azkenean, baloia entsegu eremura eramateko”.
Bestalde, jokalarien tipologia askotarikoa da; hainbeste, non esan daitekeen dibertsitate hori modalitate honen ezaugarri nagusietakoa dela. Asko beteranoak dira, bere garaian errugbian aritzen zirenak; gazte asko ere badago, errugbizaleak, baina kirolaren oldarkortasunak atzera eragiten dienak, beharbada. Taldeak mistoak izaten dira, emakumeek eta gizonek elkarrekin entrenatzen eta jokatzen dute; gainera, arauen arabera, beti egon behar du emakumeren batek joko zelaian. Hala ere, Amaia Mentxaka (Mungia, 1975) errugbi jokalari beterano eta Euskadi Touch taldeko jokalariak arazo bat ikusten dio honi: “Tamalez, oraindik ez dira neska gehiegi animatzen, eta, partida ofizialek emakumeen presentzia bultzatzen dutenez, nahiko justu ibiltzen gara beti. Zenbat eta neska gehiago egon, hobeto”.
Horregatik bereziki da ezaguna toucha, oso kirol inklusiboa delako. “Oso erraza da errugbia lesioekin lotzea, eta askok beldurra diote min hartzeari” dio Mentxakak. “Touchen, ordea, elkar ukitze askorik ez dagoenez, arrisku hori ia ez dago. Egia da korrika asko egin behar dela, baina hori edonork egin dezake, eta, gainera, partida batean nahi beste aldaketa egin daitezke”. Bestalde, mundu mailan hainbat kategoria egonagatik ere, Euskal Herrian (baita Espainian eta Frantzian estatuetan ere) normalena da denek elkarrekin jokatzea. Elorriagak dioenez, “Euskadi Touch taldean, esaterako, 50 urteko jendea dago, baina baita 17 urteko neska bat ere. Adin tartea oso zabala da, 30 urteko aldea duen jendeak jokatzen du, eta hori ez da gertatzen edozein kiroletan”.

Euskal Herriko Touch selekzioa
Touch errugbia Australian sortu zen, 1960ko hamarkadan. Euskal Herrira askoz geroago  heldu zitzaigun; hala ere, antzinatik jokatu izan dute hemengo errugbi taldeek kirolaren bertsio goiztiar batean. “Tokata izeneko beroketa ariketa betidanik egin izan da, eta toucharekin gauza asko ditu komunean” dio Elorriagak. “Arauak ez ziren hain zorrotzak, baina jokoaren arima bera zen”.
Aurrerago, federazioek arautegia zehaztu, eta lehenengo taldeak sortu zituzten; zehazki, Euskadi Touch taldearen sorrera akta 2013koa da. Lehenengo presidentea Muir Kara izan zen, Zeelanda Berritik etorritako Getxoko jokalari ohi eta egungo entrenatzailea. Honela dakartza gogora egun haiek Elorriagak: “Argentinarrak ere bazeuden, australiarrak, eskoziarrak... Hasieran, entrenamenduak ingelesez egiten ziren.” Geroago hasi ziren euskaldun gehiago animatzen, eta egungo saioetan euskarak presentzia nabarmena du. “Entrenatzaile zeelandaberritarrak berak ere bultzatzen du euskara!”.
Alabaina, Euskal Herrian talde gehiago egon arren (Irunen, Iruñean, Baionan, Miarritzen), oraindik ez da liga ofizialik antolatu. Gehienez, topaketak edo asteburuko txapelketak egiten dira, eta beti Espainia mailan. Hala ere, Elorriagak ikusten du Euskal Liga sortzeko ahalmena: “Gure asmoetako bat da, egungo asmo nagusia, egia esan, Euskal Herrian liga txiki bat antolatzea. Horretarako talde nahiko dagoela uste dugu, eta prest gaude gehiago sortzen laguntzeko”. Lantzean behin, errugbiak tradizio handia izan duen herrietan (Mungia, Gernika, Ordizia, Hernani), erakusketa praktikoak egiten dituzte. Interes handia eragiten dute, beste abantaila askoren artean, balizko Euskal Herriko selekzioak nazioarteko oihartzuna izan lezakeelako; izan ere, Euskadi Touchek orain dela urte batzuk autonomia erkidegoen arteko txapelketa irabazi zuen.
Kirola probatu nahi duenak irekita ditu Fadurako errugbi zelaiko ateak, Getxon. Mentxakaren esanetan, “Touchen aritzeko, ez da beharrezkoa errugbian jokatu izana, ezta jokatzen jakitea ere. Nahikoa da kirola gustuko izatea, talde kirolak, bereziki, eta edonork egin dezake proba, konpromisorik gabe. Ziur ez zaretela damutuko!”.