“Oraingoan kolektiboen arteko talde lana azpimarratu nahi dugu”

arrate

Orain bi urte, Euskal Herria euskalduntzeko bidean bi kontzeptu berri barneratu genituen, eta egun ez da arraroa soinean daramatzagun txapetan izen horiek irakurtzea. Jakina, ahobizi eta belarriprest berbei buruz ari gara. Hitzak Euskaraldiaren gerizpean jaio ziren, euskaldunon hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial horren barruan. Arrate Illaro Etxebarria (Algorta, 1989) Euskaltzaleon Topaguneko kide eta Euskaraldiaren koordinatzaileak argi dauka: egia da esperimentuak balio izan zigula norabide zuzenean “urrats sendoak” egiteko, baina ibiltzen jarraitu behar dugu. Hala, azaroaren 20tik abenduaren 4ra, bigarren Euskaraldia egingo da, non, norbanako gisara parte hartzeko aukeraz gain, talde lana egiteko parada ere izango dugun, ariguneen bidez. Iban Lantxo. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Bi urte joan diren honetan, atzera begira, nola baloratzen duzue 2018ko Euskaraldi hura?
Oro har, balorazioa positiboa da; hala izango ez balitz, ez ginateke bigarren edizioa prestatzen ariko. Hizkuntza ohiturei buruzko gogoeta sakona egiteko balio izan zigun, baita euskaldun askok hainbat jarrera aldatzeko urratsak egiteko ere. Gainera, neurri handi batean, ez zer hausnarketa hutsean geratu: ikerketek diote Euskaraldiak iraun zuen 11 egunetan euskararen erabilera asko handitu zela, baina inportanteena da behin ariketa amaituta hazkunde horri eutsi ziotela, nolabait, hainbat tokitan. Halaber, lehenengo Euskaraldia prestatzeko herri batzorde asko sortu ziren, eta horietako askok martxan segitzen dute egun. Labur esanda, baikor gaude, hasiera besterik ez dela dakigun arren.
Zerbaitek eman al zizuen atentzioa bereziki aurreneko  edizio hartan?
Horrela, hitzetara ekarrita, parte hartu zuten herritarren arteko “konplizitateak”. Sorpresa txiki asko (baina esanguratsuak) izan genituen, baina aipagarriena da lankidetzaren indarra asko nabarmendu zela. Ariketa gizarte eragileok bakarka egin izan bagenu, erakunde publikoek beren kabuz egin izan balute eta, batez ere, euskalgintzatik haragoko bestelako sektoreekin egin izan ez bagenu, ziurrenik ez genukeen lortuko hainbeste jende aktibatzea eta hain ekimen zabala gauzatzea.
Lankidetzaz ari garela, AEK-k eta Korrikak ere bat egin zuten Euskaraldiarekin. Izan ere, Klika leloak zuzeneko lotura zuen hautaketa pertsonalekin. Nola baloratzen duzu elkarlan hori?
AEK Euskaraldiaren lankidetza sareko kolaboratzaileetako bat da, hasiera-hasieratik, eta beti agertu izan da ariketan laguntzeko prest. Egia da, 21. Korrikako Klika leloak zuzeneko lotura izan zuen Euskaraldiarekin, baina alderantziz izan dela ere esango nuke: Euskaraldia lotuta dago 20. Korrikan ireki zen bidearekin. Ez ahaztu 20. Korrikan lankidetza indartzeko argazki famatua egin zela Santiago zubian, eta finean horixe da Euskaraldia, lankidetza alderdi praktikora eramateko ariketa, hain zuzen. Biak dira Euskal Herrian euskararen erabilera indartzeko ditugun ekimen nagusietakoak, eta, xede hori erdiesteko, helburu estrategiko berak izan beharko dituzte.
Zein izango dira edizio honetako berritasunak?
Norbanakoen konpromisoaz gain, oraingo honetan kolektiboen arteko talde lana azpimarratu nahi dugu. Horretarako, edozein entitatek (erakunde publiko, enpresa, gizarte eragile, batzorde...) izena eman dezake Euskaraldian, eta arigune bat osatu. Ariguneen bitartez, euskaraz eroso eta lasai mintzatzeko guneen sarea osatu nahi dugu, ohiko tokietan sorturiko eta pertsonek osaturiko eremuak. Batzuk ahobizi izango dira, eta beste batzuk belarriprest, baina toki horiek ariketarekiko babes soziala areagotuko dute, ezbairik gabe. Gainera, gure asmoa da ariguneek Euskaraldiaz harago irautea, eta hala jakinarazten ari gatzaizkie  izena ematen dutenei.
Beste ekimen batzuetan, ez soilik euskararekin lotuta daudenetan, entitateen inplikazioan itxurakeria izaten da nagusi. Hori saihesteko ideiarik baduzue?
Arigune bat osatzeko, hau eskatzen dugu: bai arduradunek bai kideek Euskaraldian parte hartu nahi izatea. Esaterako, ez da nahikoa taberna baten jabeak arigune bat osatu nahi izatea, langileak ere parte hartzeko prest azaldu behar dira; edo elkarte batek izena ematen badu, gero bazkideek ezin dute euskara errefusatu. Gero, jakina, batzuek seriotasunez hartuko dute, eta beste batzuek arinago, beharbada, baina guk fokua lehenengoengan jarri nahi dugu. Dena den, ezin dugu ahaztu 15 eguneko ariketa bati buruz ari garela, eta euskaraz eroso bizi ahal izateko bide luzeagoak egin behar direla: hizkuntza planak, alor sozioekonomikoko plangintza estrategikoak, bezeroen eskaerak... Beraz, itxaropenak doitzen ere jakin behar dugu.
Bizi izaten ari garen pandemiak ekarri ahal dituen traben inguruan aurreikuspenik egin al duzue?
Itxialdia herri batzordeak sortzen eta antolatzen ari zirenean heldu zitzaigun, eta pandemiak nabarmen atzeratu du prozesua. Hala ere, urrirako espero dugu zerrenda itxita edukitzea. Bestalde, egia da garai zailak direla, baina Euskaraldia ilusiorako bide ere izan daiteke, eta, agian, horixe behar dugu une honetan,  hots, helburu pertsonalei heltzea.
Aurreko edizioan, 225.000 lagunek eman zuten izena. Kopuru hori gainditzea da aurtengo helburuetako bat?
Zin-zinez, Euskaraldiaren AMIAn ez duzue zenbakirik topatuko, ez zenbat parte hartzaile izango diren ez zenbat herritan egingo den. Guri benetan ikuspegi kualitatiboa interesatzen zaigu, alegia, jendeak ariketa ongi egiten duen, rolak zein diren dakiten, tresnak egokiak diren, aurrerapausoak sentitzen dituzten... Jakina, ahalik eta herritar gehiena aktibatu nahi dugu, baina ekimenak duen babes sozial handiaren erakusle, ez kopuru ofizial bat lortzeko.
Euskaraldiari egin zaion kritika nagusietakoa rolak aukeratzeko nahasmena izan da, askok gaitasunarekin lotzen dutelako. Nola konponduko duzue arazo hau?
Gure helburu komunikatibo nagusietako bat ahobizi eta belarriprest rolen gizarteratzea da. Lehenengo edizioan ere saiatu ginen, baina oso kontzeptu berriak ziren, akaso, ekimena bera bezalaxe. Ordura arte, ohituegi geunden euskaldunok gaitasunaren arabera etiketatzera (badaki ala ez daki, ulertzen du ala ez...), eta Euskaraldiak funtzionatzeko beste modu bat ezarri zuen. Hala, ahobizia ez da euskaraz ederto dakiena, baizik eta bere maila alde batera utzita dakiten guztiei euskaraz hitz egiten diena. Era berean, belarriprestek aktiboki euskaraz egin diezaioten eskatzen du, nahiz eta gero berak erdaraz egitea erabaki. Beraz, euskaraz ongi moldatzen den pertsona belarriprest izan daiteke, hala nahi duelako, bere bizitzako esparru guztietan ez duelako beti euskarari eusteko aukerarik ikusten, adibidez. Alderantziz, euskaltegiko ikasle batek ahobizi izatea erabaki dezake, eta 15 egunez ariketa gehigarri hau egitea, bere burua gehiago astintzeko. Azken batean, rolek adierazten dute ariketa nola egiten ari garen, eta ez  zer hizkuntza gaitasun daukagun. Jokabidea da gakoa.
Rolen arteko desoreka ere agerikoa izan zen: 4 parte-hartzailetik 3 ahobizi izan ziren. Non sartu ziren belarriprest guztiak?
Kontu honetan, bi arrazoi ikusten ditut. Alde batetik, esandakoa: nik euskaraz dakidanez, ahobizi izan behar dut; nolabait, “prestigio” konturen bat ere egon daiteke. Beste aldetik, egia da guretzat askoz errazagoa dela euskaltzaleen komunitatearengana heltzea, egunerokoan euskarari begira ez dauden herritar horiengana baino, nahiz eta horietako askok euskara jakin. Nire iritziz, bigarren multzoan dago belarriprest potentzial andana.
Horiek ere badira lurraldeen arteko desoreken arrazoiak?
Kontuan izan behar dugu herrietako batzordeak Euskaraldiaren giltzarri direla. Beraz, euskara batzorde indartsu eta osatuak dauden herrietan, parte hartzaile kopurua askoz handiagoa izan da; eta alderantziz, jakina, euskalgintza ahulago dagoen eremuetan gehiago kostatu zitzaigun herritarrengana iristea. Horrez gain, tokian tokiko egoera soziolinguistiko eta soziologikoa ere badago: herri horietan zer ohitura dagoen, eta ez soilik euskararekiko, baita harremanetarako, bizitza sozialerako... Horrek ere izugarrizko eragina izan dezake.
Euskaraldiak ongi funtzionatu zuen, bereziki dinamizatzaileak zeuden herrietan. Batzuk gizarte mugimenduetatik atera ziren, baina beste asko erakundeek jarri behar izan zituzten. Horrek ez al du erakusten, beharbada, instituzioekiko mendekotasun handiegia?
Lehen esan bezala, hainbat herritako batzordeak indartsu zeuden hasieratik, bai pertsonei bai baliabideei dagokienez, eta horrek dinamizatzaileak jartzeko aukera eman zien. Haatik, euskalgintza ahulago dagoen herrietan instituzioekiko mendekotasuna baldin badago, esango nuke alde bietan dagoela, hots, erakunde publikoek ere gizarte eragileekiko mendekotasuna dutela. Are gehiago, “mendekotasun” kontzeptua baztertu, eta elkarren beharra dugula esango nuke. Alderdi ekonomiko hutsari begiratzen badiogu, borondatez egiten den lana ezin da orduetan zenbatetsi. Dena ordainduta egongo balitz, askoz garestiagoa izango litzateke. Horrexegatik behar dute erakunde publikoek herritarron bultzada: haiek baliabide ekonomikoak izango dituzte, baina herritarrok eta herri eragileok bestelako baliabideak ditugu jendearengana heltzeko, herritarrak aktibatzeko, ilusioa pizteko, ekintzak antolatzeko... eta hori guztia ezin da diruz ordaindu.
Eta planik baduzue parte hartzaileen mapan zuri dauden herri horiei bultzada emateko?
Guk baditugu gure hitzarmen orokorrak, eta ahulago dauden udalerri horietan, gehiago laguntzen saiatzeaz gain, ariketa egiteko gutxieneko tresnak eskaintzen ditugu (txapak, adibidez). Autofinantzaketa helburu txikia ere badugu, bestelako baliabide ekonomikorik ez dagoen tokietan Euskaraldia egin ahal izateko, baita euskara sustatzeko bestelako proiektu estrategiko batzuk bideratzeko ere.
Dena dela, Euskaraldiak mahai gainean jartzen dituen datu batzuk ez dira batere txarrak, ahalduntzeari begira bereziki; hiztun kopurua, sarearen erabilera, gero eta familia gehiagok egiten du euskaraz etab. Ez al dugu euskalgintzan gabiltzanok ezkorrak izateko joera handiegia?
Datu batzuk oso itxaropentsuak izan arren, uste dut euskalgintzan ari garenok oreka  zaintzen jakin behar dugula. Hizkuntzaren ezagutza apurka-apurka gora egiten ari da, hori egia da; alabaina, erabilera blokeatuta dagoela ematen du. Gure kezka nagusia hori da... eta hor gauza asko sartzen dira. Erantzukizun politiko kontua ere bada, baina geuk ere asmatu behar ditugu bide berriak jorratzeko urratsak. Horrez gain, lankidetza sustatu behar dugu, zalantzarik gabe; hain zuzen ere, Euskaraldi honetan egin nahi duguna. Hori izanik, eta ilusioarekin batera, badugu lanean jarraitzeko abagunea. Euskaraldia, Topagunean, ilusiorako arrazoi bat da, dudarik ez.
Eta hemendik aurrera, zer? Baina egon, Arrate, bertsolaria zarenez, eman erantzuna bertsotan!

Askok euskaraz bizitze hori
izaten dugu helburu.
Baina oraindik hainbat zalantza,
aurreiritzi, apuru.
Euskaraldian, ta egunero,
lortuko dugu seguru
bakoitzak egin dezakeena
egiten baldin badugu.

Kolkotik  

Ahobizi ala belarriprest?
Biak, norberaren aukeraren arabera.
Zein duzu aurreko Euskaraldiko oroitzapenik politena?
Euskalgintzan aritzen diren herritarren ilusioa.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Pandemia desagertzen ari da.
Larunbat gauerako planik onena?
Lagunekin irribarre egiteko arrazoiak izatea.
Zerk ematen dizu beldurra?
Maite ditudanak galtzeak; eta, ama naizenetik, niri zerbait gertatu eta umea bakarrik geratzeak ere bai.
Eta poztasuna?
Maite ditudanak pozik ikusteak.
Zerk tristatzen zaitu?
Batzuek, zerbait egiteko gaitasuna izanda, ez egiteak.
Zerk ateratzen zaitu zure onetik?
Teknologiak huts egiteak.
Zerk ematen dizu lotsa?
Inertziaz norbaiti gaztelaniaz egin eta gero euskalduna dela jabetzeak.
Bizitzako plazer txiki bat?
Oraintxe bertan, nire haurrari begiratzea... ama izan berria naizelako, beharbada. 
Musikari edo musika talde bat?
Gozategi.
Idazle bat? Liburu bat?
Katixa Agirreren Amek ez dute.
Bertsolari bat?
Jone Uria.
Bi arrazoi euskara ikasteko?
Mundu berri baterako ateak irekitzen dituela eta bizi garen lekuan dena ulertzeko gaitasuna ematen duela.
Labur esanda, nolakoa da Arrate Illaro?
Baikorra, eta halakoa izateko bere burua lantzen duena.